Mitsotakis, Konstantinos
Greziar politikaria (La Canea, Kreta, 1918). Legelari eta politikari familia batean hazi zen. Zuzenbide, politika zientzia eta ekonomia ikasketak egin zituen Atenasko Unibertsitatean. Bigarren Mundu Gerran, Kreta alemanen mendean zegoela, greziar erresistentziaren indarrak batzen lagundu zuen. 1946an diputatu hautatu zuten; 1951n Ekonomiako ministro orde; eta geroago, Sofoklis Venizelos-en gobernuan, Garraio eta Herri Lanetako ministro. 1958an, Alderdi Liberalak hauteskundeetan izan zuen porrotaren ondorioz, Mitsotakis hautatu zuten alderdiko buru, Sofoklis Venizelos-en ordez. Garai hartan, alderdi liberalaren gainbeherak eraginda, beste alderdi bat sortu zen, Zentro Batasuna, Giorgios Papandreu, Konstantinos Mitsotakis eta Alexandros Baltasis-en gidaritzapean. 1964ko hauteskundeetan Zentro Batasuna izan zen garaile, eta Mitsotakis Finantza ministro izendatu zuten. Hala ere, Mitsotakisek Giorgios Papandreuren eskuineko esku izateari utzi zion, honen seme Andreas Greziara ituzli zenean, Estatu Batuetan 21 urtez egon ondoren. 1965ean Mitsotakisek Zentro Batasuna utzi zuen legebiltzarkide batzuekin batera. Gertaera horrek kololan jarri zuen Greziako politika, eta egonkortasun falta horrek koronelen diktadura militarra ekarri zuen gero. Koronelen kolpearen ondoren, Mitsotakis Turkiara joan zen ihes, eta Europara gero. Militarrek haren familia hartu zuten itzultzera behartzeko, baina bera Parisen geratu zen, sei urtez. 1973an itzuli zen, Gerra Legea kendu orduko; erregimen militarra erori baino pixka bat lehenago, kartzelan sartu zuten, zortzi hilabetez. 1977an legebiltzarkide hautatu zuten, eta Alderdi Liberal Berria sortu zuen. Urtebete geroago, Konstantinos Karamanlis-en Demokrazia Berriarekin bat egin zuen. Rallis-en gobernuan Kanpo Arazoetako ministro izan zen. 1984an Demokrazia Berriaren lehendakaritza eskuratu zuen, Greziako alderdi kontserbadore nagusi bihurtuta. 1985eko hauteskundeetan gutxigatik ez zuen gehiengoa lortu, eta koalizioko gobernua eratu zen, kontserbadoreen eta komunisten artekoa. 1990ean gehiengo absolutua lortu zuen Eraberritze Demokratikoko alderdiaren laguntzaz, baina 1993an galdu zuen, alderdi sozialistaren mesedetan.