mitokondria
iz. Biol. Arnasa hartzen duten zelula gehienen zitoplasman izaten den gorpuzkia. Zelula moten arabera esfera, zilindro edo harizpi erakoa izan daiteke, eta luzatzeko eta biribiltzeko joera du. Benda zientzialariak aurkitu zituen mitokondriak 1897an. Nahiz eta txikiak izan, mitokondria asko izaten dira zelulan (800 bat gibeleko zelula batean), eta bere kasa ugaltzen dira, zelularen zatiketari itxaron gabe. Zelularen energia sortzaileak dira, beroietan egiten baita zelulara iristen diren elikagaien oxidazioa (arnasketa). Prozesu horretan karbono dioxidoa (CO2), ura eta zelulak ATP eran erabiltzen duen energia ekoizten dute. Arnasketaz aparte beste jarduera biokimiko batzuk ere bideratzen dituzte mitokondriek: azido koipetsuen oxidazioa, gaiak pilatzea (burdina, lipidoak, proteinak); Krebs-en zikloan ere parte hartzen dute, eta badira in situ proteina jakin batzuen sintesia egin dezaketenak.