Miralles, Pedro
Industria diseinatzaile eta arkitekto espainiarra (1955 - 1993). XX. mendearen bukaerako Espainiako diseinatzaile nagusietako bat. Arkitektura ikasketak egin zituen, Valentzian hasi eta Madrilen bukatu. Espainiako hiriburuan kultura postmodernoarekin lotuta zeuden pertsonak ezagutu zituen: unibertsitatean maisu izan zuen Rafael Moneo arkitektoa eta movida madrileña deitu zen higikundeko ordezkari batzuk, Pedro Almodóvar zinema zuzendaria esate baterako. 1983an Jesús del Pozo jostunaren lantegian hasi zen lanean, eta urtebete geroago, lehen banakako altzari erakusketa egin zuen, Valentzian. Industria diseinatzaile gsia, 1987tik aurrera iritsi zuen heldutasuna, Milanen Domus Academy master ospetsua egiteko diru laguntza jaso zuenean. Harrezkero, lan asko egin zuen, Espainia, Frantzia eta Italiako enpresentzat. Diseinurik aipagarrienak: Hakernar aulkia (1987); Andrew Sisters aulkiak (1988); Lyns aulkia (1989); Liquid lanpara (1991); Arabesco aulkia (1992).