Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Miralles Grancha, Alberto

Espainiar idazle, antzerki egile, egokitzaile eta zuzendaria (Elx, Alacant, 1940). Industria Ingeniaritza Teknikoko titulua eskuratu zuen 1963an Bartzelonako Unibertsitatean, Arte Dramatikokoa 1966an Bartzelonako Goi Mailako Eskolan, eta Filologia Erromanikoan lizentziatu zen 1973an hiri bereko Unibertsitate Zentralean. Interpretazioko irakasle lanetan aritu zen 1968-1975 bitartean Bartzelonako Aktoreen Estudioan, eta Madrilgo Taller de Artes Imaginarias-en 1978-1980 artean. Gaur egun, berriz, Antzerki Egileen Elkarteko idazkari nagusi kargua du, eta horrez gainera, 1968an sortu zuen Cátaro izeneko antzerki konpainia zuzentzen ere badihardu. 1961az geroztik antzerki sari ugari jaso du. Kabaret ikuskizunak nahiz Eres un desalmado (1980) filmaren gidoia eta J. Hidalgo-ren La pantalla diabólica-ren elkarrizketak (1978) ere egin ditu. Antzerki zuzendari gisa, berriz, Adolfo Marsillach-en laguntzaile lanetan hasi zen 1968an, eta harrezkero antzezlan ugari zuzendu ditu. Cátaro eta Compañía trabalenguas taldeen eszena zuzendaria ere izan da, eta Shakespeare, Lope de Vega, Calderón de la Barca eta hainbat egile ezagunen obren egokitzapenak egin ditu. Bestalde, antzerkiari buruzko zenbait saiakera argitaratu ditu, eta artikulu ugari egunkari eta aldizkarietan. Bi eleberri sortu ditu: Una semana pintada de negro (1983, Beltzez margoturiko aste bat), eta Mi país es tu piel (1989, Nire herria zure azala da).