Miralles, Enric
Katalan arkitektoa (Bartzelona, 1955). Arkitektura ikasketak bukatuta (1978), Albert Viaplana eta Helio Piñón arkitekto katalanekin lan egin zuen, eta lehiaketa eta proiektu askotan parte hartu zuen: Plaça dels Paisos Catalans (Bartzelona), Parc del Besos (Bartzelona). Eskolak eta hitzaldiak eman ditu unibertsitate askotan, Estatu Batuetan, Britainia Handian, Alemanian, Italian, Austrian eta Holandan. 1985. urtetik aurrera proiektuen irakasle izan zen Bartzelonako Eskolan, eta 1990. urtetik aurrera Frankfurteko Stadelschule-ko Master Class-eko zuzendari eta irakasle. 1984an estudio bat zabaldu zuen, Carme Pinós-ekin batera, eta zenbait lehiaketa irabazi zuen: Artespañako egoitza (1984, Bartzelona); Algemesiko udal eraikin berria (1984, Valentzia); Igualadako hilerri berria (1985, Bartzelona); Pollensako kirolgunea (1986, Palma de Mallorca); Kirol jauregia (1988, Huesca). Bestalde, sari asko irabazitakoa da. Mirallesen arkitekturak antz handia du konstruktibismoarekin, Bartzelonako Zentro zibikoa-n (1994) ikus daitekeen bezala, adibidez. Obra horrek Konstantini Melnikov errusiar konstruktibistenak gogorarazten ditu, industria materialak erabiltzeagatik. Halaber, eta gutxiago bada ere, dekonstruktibismoa gogorarazten du geometria desordenatu eta hautsien erabileran, Alacanteko Gimnastika Erritmikorako Entrenamendu Pabiloian bezala (1993). Bere arkitektura konplexua eta oparoa da, minimalismotik, soiltasunetik eta arkitektura forma garbiekiko zaletasunetik urrundua.