minbizi
iz. Lehen, haragia jaten zuen zernahi handitsu edo zauri; gaur egun, handitsu gaiztoa, gorputz ehun bateko zelulak eragabeki haztean datzan eritasun oso larria, inguruko ehunetara hedatzeko joera duena, kantzerra.
■ Hobetu egin da azken urteotan minbiziaren pronostikoa, prebentzioari esker batik bat. Lau ezaugarrik bereizten dute minbiziaren (edo neoplasiaren) gaiztotasuna: 1) gerora ugaldu egingo den zelula bakar batetik sortzen da; 2) zelula hori, hasieran, ehun jakin batekoa da, eta bertan hasten da bere ezaugarrietako batzuk galtzen; 3) zelula gaiztoen ugalketa autonomoa da: ez ditu zelulen heriotzaren legeak aintzat hartzen; 4) ugalketa horrek ahalbidetzen du minbizia gorputzean hedatzea. Aldatu egiten dira minbizi motak adinaren, sexuaren, etniaren eta kokapen geografikoaren arabera. Horrenbestez, organo berberak minbizi zelula oso ezberdinak izaten ditu haur eta heldu batengan. Arazo genetikoek minbiziaren sorreran duten eragina ari dira aztertzen aspaldian sendagileak. Jakina da, adibidez, Afrikan oso hedatua dagoela gibeleko minbizi mota bat. Adituen ustez, faktore genetikoak eta ingurumenaren alorrekoak izan daitezke horren eragileak. Ingurumenak minbiziaren sorreran duen zerikusia ere aspalditik da ezaguna. Esate batera, odoleko zenbait minbizi motaren sorreran bentzenoak duen eragina nabarmena da, edo amiantoak biriketakoan, ikatzaren deribatuek azalekoan, binilo-kloruroak gibelekoan... Sobera ezaguna da, bestalde, tabakoak biriketako minbizian duen eragina. Izan ere, erretzaileek gaitz hori harrapatzeko hamar aldiz arrisku handiagoa dute ez erretzaileek baino. Erradiazioek ere badute zerikusirik minbiziarekin. Ustekabekoak, terapeutikoak edo naturalak izan daitezke erradiazioak, eta besteak beste leuzemia, tiroideko minbizia edo melanomak (azaleko minbiziak) eragin ditzakete. Sendagaiek ere eragin dezakete tumorerik: 1960ko hamarkadan bagina minbizi ugari sorrarazi zuen antzutasunaren aurkako hormona tratamendu batek. Hainbat kimioterapiak, berriz, odoleko minbizia (leuzemia) eragin dezakete, edo linfoma (sistema linfatikoaren minbizia). Faktore fisiko eta kimikoez gainera, infekziosoak ere aipatzen dira zenbait minbiziren eragiletzat. Adibidez, B hepatitisaren birusak gibeleko minbizia ahalbidetzen du, eta papiloma deitutakoek sexu organoetako minbiziak eragin ditzakete. ■ Luzaroan egon daiteke minbizia isilik, ezkutuan. Zelula gaizto batek, hogei bikoizketaren ondoren, milioi bat zelula tumoral sortzen ditu. Odolaren, linfaren edo ehunen kontura hedatzen da minbizia (leuzemia, linfoma eta tumore gaiztoa eraginez, hurrenez hurren). Arteriak eta zainak, hodi naturalak (bronkioak, ureterrak) eta linfa gurintxoak menderatu arte hedatzen da minbizia, eta horien bidez beste organo batzuk kolonizatzen dituzte: sortua da metastasia, sorrerako minbiziaren egitura berbera duen lesioa, gorputzaren beste gune batean agertu dena. Minbiziaren zantzu edo sintomak kaltetutako organoaren araberakoak izaten dira: arnasa hartzeko zailtasuna biriketakoan, ondoeza jaterakoan digestio aparatukoetan, odola isurarazten dute giltzurrun edo gernu hodietakoek, hausturak eta oinaze handia hezurretako minbiziek... Minbiziaren diagnosia egiteko beharrezkoa da kaltetutako ehunaren analisia egitea. Horretarako, biopsia egiten da lehenbizi, hau da, ehun zati bat hartu, endoskopia edo ebakuntza kirurgiko batez baliatuz, edo xiringa berezi baten bidez. Ondoren, ehun zati horren azterketa egiten da. Azterketa biologikorik ere egin daiteke (kromosomena edo kode genetikoarena, baita erradiologikorik ere (mamografiak, eskanerrak...). Gaitza tratatzeko, berriz, kirurgia, erradioterapia eta kimioterapia erabiltzen dira. v Minbizia duten zelulen berezitasun nabarmenena gorputzak bere organoak, ehunak eta zelulak kontrolatzeko dituen mekanismoek zelula minbizidunentzat alferreko izatea da. Zelula horiek ez dira gorputzaren premien arabera ugaltzen, eta ez dituzte beren eginkizunak ere haren premien arabera betetzen; ez dute behar luketen oxigeno eta odol ekarririk izaten. Minbiziak hartutako zelulei zehazki zein aldaketa gertatzen zaien ez da ezaguna baina bai aldaketa hori hainbat eragilek sortua izan daitekeela: eragile fisikoek, kimikoek, birusek. Minbiziaren sintomak, batez ere, handituak (bularretan), eta odoljarioak (digestio hodietan, giltzurrunetan, umetokian etab.) izaten dira. Endoskopiaz, X izpiez, ekotomografiaz, tomodestometriaz eta beste era batzuetara suma daiteke minbizia. Ez da organo edo adin jakin batzuetan bakarrik agertzen, edozein organotan eta adinetan baizik. Hala ere, gizonezkoetan maizago izaten dira azaleko, biriketako, urdaileko eta prostatako minbizia; emakumezkoetan berriz sarriagoa da bularretakoa eta hesteetakoa. Gaur egun Europako heriotzen % 20 minbiziak eragindakoak izaten dira; dena den, aurrerapen batzuk ere egin dira minbizia ezagutzeko, baita sendatzeko ere, eritasuna oso aurreratua ez denean batez ere. Dena dela, minbizia sendatzeko erarik egokiena hartu dituen zelula eta ehunak lehengora bihurraraztea litzateke, baina hori lortzeko modurik ez da oraindik aurkitu. Minbizia oso zabaldua ez dagoenean, hartu duen aldea ebaki egiten da. Zabalduagoa dagoenean erradioterapia (zelulak zaurituz haien ugalketa galaraztea), hormonoterapia (zelulak bizitzeko behar dituen hormonak gutxitzea edo kentzea), kimioterapia (zelularentzat pozoitsuak diren gaiak sartuz haien zatiketa eragoztea), eta immunoterapia (gaiztotuta dauden zelulen aurkako gorputzaren mekanismoak sendotzea), erabiltzen dira, batez ere. Oro har, minbiziak hartuta dauden zelulak hiltzea edo haiek ugal ditezen galaraztea da trataera horien helburua.