Milans del Bosch, Jaime
Espainiar militarra (Madril, 1915 - Madril, 1997). Militar tradizioko familian hazia. Toledoko Infanteriako Akademian hasi zuen karrera, 1934an. Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuen, eta zauritu egiten zuten Toledoko gotorlekuaren defentsan. Gerran legioko ofizial gisa borrokatu zen. 1941ean Azul dibisioan parte hartu zuen, Errusiako kanpainan. Buruzagi gisa, agregatu militarra izan zen Espainiako enbaxadetan Argentina, Uruguai, Txile eta Paraguain. 1971n jeneral izendatu zuten eta Brunete Dibisio Akorazatuaren XII Brigadaren buruzagitza eman zioten. 1977an teniente jeneral izendatu zuten, eta aurrerantzean III. Eskualde Militarreko Kapitania Nagusiaren buru izan zen, Valentzian. 1981eko otsailaren 23ko kolpe militarra prestatu zuen buruzagietako bat izan zen, eta egun hartan salbuespen egoera dekretatu zuen Valentzian. 1981eko martxoan auzipetua izan zen kolpean parte hartu zuten beste hogeita lau militarrekin batera: 26 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta gudarostetik bota zuten. 1991n, 75 urte zituela, atera zen kartzelatik.