mika 2
iz. Miner. Filosilikatoen saileko kristal itxurako gai solidoa. Aluminioaren eta potasioaren silikatoz eratua da, eta batzuetan burdina eta magnesioa ere izan ditzake bere osaeran. Xafla egitura du, eta orri distiratsu, malgu eta meheetan ebakitzen da. Bi mika mota bereizten dira: zuria, aluminio eta potasio asko duena (moskobita da ezagunena), eta beltza, burdina eta magnesio askokoa (biotita da garrantzitsuena). Harri magmatiko, sedimentario eta metamorfiko askotan ageri dira mikak. Sintesi bidez ere lortzen da, eta hala eginak mika naturalak baino tasun elektriko eta mekaniko hobeak ditu. Bakartzaile ona da eta ongi jasaten ditu tenperatura garaiak. Erabilera ugari ditu: aparailu elektrikoetan eta elektronikoetan bakartzaile gisa, hauts eran labaingarri gisa, bero handiak jasan behar dituzten aparailuetan beiraren ordez etab.