mihi-arrain
iz. Zool. Soleidoen familiako itsas arrain zapal biribil luzarana, gorputza ezkata mehez estalia eta bi begiak alde batean dituena, 60 cm inguru luzea (Solea vulgaris edo Solea solea). Lenguadu izenaz ere ezagutzen da. Gaineko aldea beltz tantaduna izaten du, eta azpikoa berriz zurixka. Europako mendebaleko eta Mediterraneoko itsasertzetan bizi da; azpi haretsu edo harritsuetan ibiltzen da, dagoen tokitik asko mugitu gabe. Hegalak astinduz hondarrarekin altxatzen dituen harrapakin txikiak jaten ditu. Mihi-arrainaren haragia oso aintzat hartua da sukaldaritzan.