mieloma
iz. Med. Hezurretako plasma zelulen ugaritze anarkikoa ezaugarri duen hezur muinen tumore gaiztoa. Gorputzeko hezur jakin batean (mieloma bakarra) edo hezur ugaritan (mieloma anizkuna edo Kahler-en gaixotasuna) ager daiteke. Gaixotasun honek era askotako sintomak ditu. Alde batetik, odolean eta hezur muinetan normalak ez diren plasmozitoak agertzen dira, hauek hezurra gero eta gehiago hartzen dute eta odolean eta hezur ehunetan tumorearen ehunek jariatzen duten immunoglobulina berezi bat agertzen da (Bence-Jones-en proteinuria). Bestetik, anemia, infekzioak, giltzurrunen funtzionamendu desegokia, globuluen sedimentazio oso bizkorra etab. dira. Pertsona helduengan agertzen da batez ere, eta oso larria da, gaixoa urtebete edo bi urteren buruan hiltzen da. Kimioterapiak, kortikoterapiak eta erradioterapiak moteltzen dute gaixotasunaren bilakaera.