Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

metamorfosi

iz. Gauza baten izaera aldatu eta beste bat bilakatzea. || Zool. Animalia batzuen garapenean gertatzen diren aldaketa anatomikoen multzoa. Animalia askok ez dute jaio berritan helduen itxura. Haien enbrioitik larba bat eratzen da, eta hau, zenbait fase igaro ondoren, animalia heldu bilakatzen da. Eraldaketa horiek nahiko epe laburrean gertatzen dira; horretarako animalia helduarenak diren ehun eta organoak eratu behar dira, eta larbarenak diren organo eta ehunak desegin. Aldaketa fisiologikoak eta ekologikoak ere (bizitzeko era) gertatzen dira epe horretan. Metamorfosia oso hedatua dago animalien erreinuan, ornogabeen artean batez ere. Kordadunen artean tunikadunek, zefalokordadunek (Amphioxus), ziklostomoek, anfibioek eta arrain hezurdun batzuek (aingirek adibidez) izaten dute metamorfosia. Metamorfosiaren aldiak animalia hauetako larben ehunak aldarazten dituen hormona jakin batzuek ekarriak dira, nahiz eta tenperaturak, elikadurak eta gisa horretako beste faktore batzuek ere eragina duten metamorfosian. Sakon eta zehazki aztertu izan da intsektuetan eta anfibioetan. Zapaburua adibidez uretan bizi da eta zakatz bidez hartzen du arnasa, eta metamorfosiaren bidez lurrean bizi eta birika bidez arnasa hartzen duen igel bilakatzen da. Baina horretarako fase hauek igarotzen ditu zapaburuak: 1) metamorfosiaurrea; atzeko hankak mantso-mantso hazten zaizkio, eta tirosina eta tiroestimulina hormonen jarioa eten artean hormonen arteko oreka gutxi izaten da; 2) prometamorfosia; gorputzaren hazkunde lasterra gertatzen da, eta ia amaieran aurreko hankak agertzen zaizkio; hazkunde hau hipotalamoaren jarioarekin lotzen da, eta tirosina kontzentrazioa handitzen duen tiroestimulinaren jarioa ere handia da; 3) klimaxa; fase hau zelulen eta guruinen orekarena eta transformazio bizkorrena da (ahoa, arnas eta digestio aparatuak, isatsaren desagertzea etab.). Metamorfosia amaitu ondoren, zapaburua igel heldu bihurtu denean, tirosina eta tiroestimulinaren artean berriro ere oreka egoera sortzen da.