Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

metamorfismo

iz. Geol. Presioaren eta tenperaturaren eraginez lurrazalaren barruan harriek izaten duten eraldaketa fisiko-kimikoa, harri sedimentarioak edo magmatikoak bere egituran sakonki aldarazten dituena. Metamorfismo mota asko ezagutzen dira. Metamorfismoa norabide zehatz batean egiten den presio orogenikoak sortua izan daiteke (dinamometamorfismoa), tenperaturaren gorakada handi batek sortua, presioaren goratze nabarmenik gabe gertatua (termometamorfismoa), magma sarkin batek inguruan dituen harrien gain igorritako beroak sortua (ukimeneko metamorfismoa), edo presio eta tenperatura garaien jarduera bateratuak lurrazaleko gune sakonetan egindako ekintzaren ondorioa (eskualdeko metamorfismoa). Harri metamorfikoek bi ezaugarri izaten dituzte normalean: kanpotik begiratuta gehienek hosto erako egitura izatea (arbela, eskistoa, gneissa) eta nahiko aldakorrak diren kristalez osatuak izatea.