merkurio
iz. Kimika gai bakuna, zilarbizia (Hg; at.-z. 80; at.-m. 200,59). Isurkari egoera duen metal gris bat da, eta gutxitan bada ere, bere horretan agertzen da batzuetan izadian. Merkurio mea nagusia zinabrioa da; hau labeetan berotuz lortzen da merkurioa. Ingurugiroko tenperaturan isurkari egoeran agertzen den metal bakarra da. -39 °C-tan trinkotzen da. Oso pisu espezifiko handia du (13,59 g/cm3) eta bere azal-tentsio handiaren ondorioz tanta biribiletan zatitzen da. Ez da disolbatzen uretan eta azido klorhidrikotan, baina bai azido sulfurikotan eta azido nitrikotan. Elektrizitatearen oso eroale ona da. Erabilpen ugari ditu: termometroetan eta barometroetan, tresna elektrikoetan (piletan adibidez), merkurio lurrunezko lanpara berezietan, katalizatzaile gisa, hortzetarako amalgametan, elektrolisi zeluletan elektrodo gisa, neutroien hoztaile eta xurgatzaile gisa energia nuklearrezko tresnetan, etab. Merkurioaren konposatu inorganiko denak eta organiko gehienak oso toxikoak dira. Konposatu horietako batzuk desinfektatzaile, onddo hiltzaile, hazien esterilizatzaile gisa etab. erabiltzen dira. Ondorio toxikoak sor ditzake isurkari egoeran dagoen merkurioak azala denbora luzez ukitzen badu edo merkurio lurrunak arnasten badira. Ibaietan, aintziretan eta itsasertzeko uretan merkurioa eta bere konposatuak egoteak arrisku ekologiko handia sortzen du, ur horietan bizi diren bakterioek merkurioa konposatu toxiko bihurtzen dutelako, eta gero kate trofikoan zehar gizonarenganaino iristen direlako.