Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

merkataritza

iz. Sin. merkatalgo. Merkatariaren lanbidea; ondasunak edo salgaiak erosiz edo salduz irabazia lortzeko jarduna.  v  Merkataritza historian zehar. Lanaren banakuntzaren eta bereizketaren ondorioa da, berez, merkataritza, eta gizonaren lehenengo ekonomia jardueretako bat izan zen, historiaurretik baitator. Trukea izan zen, dirua asmatu aurretik, lehenbiziko merkataritza mota, eta ia ekonomia jarduera bakarra Mediterraneo aldeko zenbait lurraldetan (Fenizia, Kartago, etab.). Oro har, guztiz harreman estua izan du merkataritzak garraio sistemen garapenarekin (erromatarren galtzadak, itsasontziak, trena, automobila, etab.).  v  Merkataritza motak. Bi dira, funtsean: barne eta kanpo merkataritza. 1) Barne merkataritza: Estatu edo lurralde baten barneko merkataritza, lege eta zerga sistema komun eta bakar baten mende dagoena. Ez dago, beraz, produktuen inolako babes neurririk. Estatuaren antolamendua, ordea, federala –edo antzekoa– bada, federatutako estatu bakoitzak ezar ditzake babes neurriak produktu jakin batzuentzat, bertan ekoizten direnei kalterik ez sortzearren, estatuaren legedi amankomunarekin ados, betiere. Merkataritzaren baldintzak konkurrentzia erabatekotik zenbat eta hurbilago egon, orekatuagoa eta eraginkorragoa da merkataritza (ik. konkurrentzia). Barne merkataritzan, bi eratako salerosketak egin daitezke: kopuru handitan (gehienetan, ekoizle edo saltzaile batek beste ekoizle edo saltzaile bati) eta kopuru txikitan (saltzaileak kontsumitzaileari). Kopuru handitan saltzen duenak, biltegiak dituenez, salneurri hobea lortzen du, eta, azken batean, salneurriak finkatzeko aukera du. Bien artekoa da saltoki handien sistema, kopuru handitan erosten baitute (merkeago ordainduz) eta kopuru txikitan saldu (merkeago salduta ere, irabazi handiagoa lortuz). 2) Nazioarteko merkataritza. Teoria desberdinak izan dira historian zehar: merkantilismoa (esportazio handiak eta inportazio txikiak lortzeko, atzerriko produktuei zergak ezartzen dizkiena); Adam Smith-en teoria (XVIII. mendekoa; nazioarteko merkataritza ekoizpen sistema berezitzat hartzen zuena, eta lurralde bakoitzari produktu jakin batzuk ekoizteko gaitasuna aitortzen ziona); David Ricardo–ren teoria (XIX. mendekoa, Smith-ena osatuz: lurralde batek besteekiko abantailaz ekoiz dezakeena behar du ekoiztu. Merkataritza askearen aldeko argudio garrantzitsua); Heckscher-Ohlin-en tesia (1933koa; bertako lehengaien urritasunaren edo ugaritasunaren arabera esportatu eta inportatuko du lurralde batek). Nazioarteko merkataritzaren gakoa lurralde batek inportatzen dituen produktuei ezar diezaiekeen zerga sisteman datza. Babes sistema hori gainditzeko, egitura politiko-ekonomiko bereziak sortu dira (Europako Ekonomia Elkartea, adibidez), eta, 1947an, Inportazio Zergei eta Merkataritzari buruzko Hitzarmen Orokorra (ingelesezko sigletan, GATT) sortu zen, nazioarteko merkataritza errazteko.