Mediterraneo itsasoa
Europako hegoaldearen, Afrikako iparraldearen eta Asiako mendebalaren artean dagoen itsaso handia. Gibraltarreko itsasartearen bitartez batzen da Ozeano Atlantikoarekin eta Suezeko ubidearen bitartez Itsaso Gorriarekin eta Indiako ozeanoarekin; 3.081.880 km2 ditu, eta gehieneko sakonera 5.020 m-koa du, Itsaso Jonikoaren inguruan. Batez besteko zabalera 600 km-koa da. Estutu egiten da Siziliaren eta Tunisiaren artean, eta ondorioz bi gune bereizten dira, mendebalekoa eta ekialdekoa. Hiru penintsula handi daude Mediterraneo itsasoan: Iberiakoa, Italiakoa eta Balkanetakoa. Mediterraneo itsasoko uharte eta uhartedi nagusiak Sizilia, Sardinia, Korsika, Balearrak, Zipre, Kreta eta Joniako uharteak dira. Lurruntze handia du, duen gatz maila handiaren (% 37), tenperatura garaien (15° eta 20° artekoak) eta ibaietatik datorren ur kopuru txikiaren ondorioz. Ur galtze hori orekatzeko Itsaso Beltzeko eta Ozeano Atlantikoko ura hartzen du. Erromatarrek Mare Nostrum izena eman zioten. v Historia. Mediterraneo itsasoa historian zehar mundu osoan izan den leku garrantzizkoenetako bat da. Mediterraneo itsasoaren ertzetan zabaltzen da Nilo ibaiaren harana, eta han izan zen antzinako zibilizazio aberatsenetako bat. Ekialdeko Mediterraneoan, K.a. XVI. mendearen inguruan kretarrek izan zuten nagusitasuna. Ondoren akaiar-doriarrak eta feniziarrak izan ziren nagusi. K.a. 1000. urtearen inguruan Mediterraneoa bi gunetan zegoen bereizturik: sortaldean, greziarrak ziren nagusi, Asiako koloniak barne; sartaldean, berriz, kartagotarrek zuten nagusitasuna, Zirenaikako mugatik Hispaniaraino. Ondoren Erromak hartu zuen nagusitasuna, mendebaleko eta ekialdeko herrialde guztiak bilduta. Erromatarrek mendeetan zehar erabateko aginpidea izan ondoren, inperioa bi zatitan banatu zen, sortaldeko inperioa alde batetik eta sartaldekoa bestetik. VII. mendetik aurrera garai berri bat hasi zen Mediterraneo itsasoan, musulmanak iritsi zirenean. XV. mendean Vasco da Gama portugaldarrak egindako bidaldien ondorioz Mediterraneotik igarotzen ziren itsasontzietatik asko Indietarantz joan ziren, eta joera hori sakondu egin zen Amerika aurkitu ondoren. XIX. mendearen lehen urteetan behera egin zuen Mediterraneoko merkataritzak, gero eta errazagoa baitzen Atlantikotik ekialdera eta Ameriketara heltzea, eta Europa iparraldeko industria garatzen hasi zelako. 1869an Suezeko ubidea ebaki zenean, gora egin zuen berriz ere Mediterraneoaren garrantziak mundu osoko ekonomia harremanetarako.
- Medina
- Medina-Sidoniako dukea
- medio
- meditatu, medita, meditatzen
- meditazio
- Mediterraneo itsasoa
- medium
- medizina
- medula
- medusa
- Medusa