meditazio
iz. Gogartea, hausnartzea. v Bakarkako otoitzean edo adimenaren ariketetan, izpirituan barneratzeko, Jainkoa ikusteko edo gogoa bakartzeko erabiltzen den teknika, lasaitasuna lortzea edo izpirituaren kontzientzia mailaz igotzea helburu duena. v Antzinatik egoera askotan erabili da meditazioa (erlijio ordenatako mistikoek indar hartzeko eta eguneroko bizitza aberasteko; soldaduek borrokan hasi aurretik, musikariak ekinaldien aurretik prest egoteko…). Gaur egungo medikuntzak eta psikologiak meditazio teknikak erabiltzen ditu arnasaren eta bihotzaren erritmoari eusteko, eta hipertentsioa, hemofilia eta burukomin mota batzuk sendatu edo arintzeko. Munduko erlijio handienetan erabiltzen da meditazioa. Indiarren Yoga filosofia eskolak adibidez gorputza, adimena eta izpiritua garbitzeko erabiltzen du, eta budisten, txinatarren (Ch’an) eta japoniarren (Zen) erlijio askotan oinarrizko ariketa da. Meditazioa egiteko testu, hitz edo silaba baten errepikapena (hitzez edo buruz) erabiltzen da (indiarrek eta budistek mantra, musulmanek dhikr, kristauek otoitzak…), irudi bati begira geratzea (lorea, mendia…), edo musika eta eskuzko tresnak (arrosarioak…) erabili izan dira erlijio askotan meditazioa egiteko. XX. mendearen erdialdean Europako mendebaleko filosofian materialismoak behera egin zuenean indar hartu zuten ekialdeko filosofoek eta haien teknikek, eta horren ondorioz meditazio mota asko eman ziren ezagutzera.