mazdakismo
edo mazdeismo. iz. Erl. Erlijio dualista, Iranen V. mendean indar hartu zuena. Pentsalari batzuen ustez mazdeismoak manikeoen dualismoa berritu nahi izan zuen, eta horien arabera eratzaileek harremanak izan zituzten Erromako manikeoekin; beste batzuen ustez, berriz, Irango bertako erlijiotik sortu zen. V. mendetik aurrera Mazdak persiar heretikoaren izena hartu zuen. Mazdeismoaren arabera, Argia (ongia) eta Iluna (gaizkia) dira munduaren oinarrizko hastapenak. Bi osagai horiek elkarrekin topo egitean sortu zen unibertsoa. Argia da bizitzeko behar dena eta argia izateko gizonak bizitza aszetikoa eta zintzoa izan behar du, ez du inor edo ezer hil behar eta ezta haragirik jan behar ere. Ondasunak eta emazteak taldearen jabego egin zituen Mazdak-ek. Zoroastrismoaren jarraitzaileek eta aitonen semeek gaitzetsi egin zuten mazdeismoa, eta azkenik debekatu egin zuten. Hala ere, ezkutuan aurrera egin zuen Islamaren garaia iritsi zen arte (VIII. mendea).