Maura Amuniategi, Carmen
Gipuzkoan errotutako madrildar pintorea (Madril, 1945). Tradizio artistiko handiko familia batean jaio zen. 1964tik 1969ra arte ederrak ikasi zituen Madrilgo San Fernando Eskolan, eta 1970ean Hondarribian jarri zen bizitzen. 70 eta 80ko hamarkadetan ez zuen erakusketa askorik egin, nahiz eta pintatzeari ez utzi. Bakarkako lehen erakusketa 1980an egin zuen Donostian, eta bigarrena Hondarribian 1989an. 1990ean, aldaketa nabarmena izan zuen bere lanak; ordu arte etxea eta seme-alabak zituen gai nagusia, eta 1990etik aurrera, berriz, arreta handiagoa eskaini zion paisaiari. 1991tik aurrera udaro aurkeztu izan ditu bere lanak Hondarribian, bere estudioa erakustoki bilakatuta. Pintatzeaz gain, irakasle da Hondarribiko Udal Pintura Akademian.