Matthau, Walter
(Jaiotza izena, Walter Matuschanskavasky). Estatubatuar zinema antzezlea eta zuzendaria (New York, 1920-2000). Familia apal batean sortu zen. 1946-1947 urteetan Erwin Piscatorren ikasle izan zen New Yorkeko Gizarte Ikerketen Eskola Berriko Antzerki Lantegian (Hamlet antzeztu zuen). 1948an lortu zuen lehenengo arrakasta antzerkian, Brodwayn (Ehun eguneko Ana obrarekin), eta 1951n Twiling Walk laneko protagonista izateko kontratatu zuten. Zinemako debuta 1955ean egin zuen The Kentuckian (Kentuckiarrak) filmarekin, Burt Lancasterren eskutik. 1958an ere arrakasta handia lortu zuen Once more with feeling (Berriro ere sentimenduekin) filmeko lanari esker. Harrezkero hainbat lan egin zituen telebistarako eta zinemarako, eta estilo ironiko, zorrotz baina komikoa nabarmendu zitzaion. 1955eko debutaz gero ez zuen antzerkia alde batera utzi, baina zinemarako 63 film baino gehiago egin zituen, horietako batzuk Jack Lemmonekin, zeinarekin osatu baitzuen bikote komiko ospetsua; arrakastarik handienetako bat 1965ean lortu zuten, Neil Simonen The Odd Couple (Bikote bitxia) filmarekin. 1966an bigarren mailako antzezle onenaren Oscar saria eman zioten Matthauri, The Fortune Cookie (1966) filmean egindako lanari esker. Beste film aipagarri batzuk dira A Face in the Crowd (1957, Aurpegi bat jendetzaren erdian), Lonely Are the Brave (1962, Bakartiak dira ausartak), Charade (1963), A Guide for the Married Man (1967, Gizon ezkonduarentzako gida), Hello, Dolly! (1969), The laughing Policeman (1973), JFK (1991), Grumpy Old Men (1993, Agure marmartia), eta My Fellow Americans (1997, Nire kide amerikarrak).