Martinet, André
Frantziar hizkuntzalari eta euskalaria (Saint-Albans- des-Villards, Savoia, 1908 - 2000). Columbiako eta Sorbonako irakasle izana. Estrukturalisten eskolaren jarraitzailea da. Jakobson-en ildoari atxikirik, fonologia historikoari buruzko teoria orokor bat antolatu zuen. 1955ean, Economie des changements phonétiques. Traité de phonologie diachronique argitaratu zuen Bernan. Liburu horretan bada atal bat euskal leherkariei buruz idatzia: La reconstruction structurale. Les occlusives du basque. Martinetenak dira, halaber, «De la sonorisation des occlusives initiales en basque» artikulua, eta «La phonologie synchronique et diachronique du basque», 1980an, Euskal Herrian egin ziren Nazioarteko Euskalarien Biltzarrean aurkeztu zuen txostena.