Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Markina-Xemein

Bizkaiko ipar-ekialdeko udalerria (Lea-Artibai). Mugak: iparraldean Amoroto eta Berriatua, ekialdean Elgoibar (Gipuzkoa) eta Mutriku (Gipuzkoa), mendebalean Aulesti, eta hegoaldean Mallabia eta Eibar (Gipuzkoa). Garaiera, 72 m. 63,87 km2. 1997ko datuen arabera, 4.708 biztanle (markinarrak; xemeindarrak), aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago. Hizkuntza banaketa 1996an: 4.134 euskaldun, 320 ia euskaldun eta 191 erdaldun biztanle. Herrigune hauek osatzen dute udalerria: Arta, Bolibar, Zeinka-Zearregi, Goierri-Ziortza, Ziortza, Amalloa, Barinaga, Ilunzar, Iturreta, Markina-Xemein (herriburua), Meabe eta Urberuaga. Artibai ibaiak hegoalde iparralde igarotzen du udalerria. Euskara, bizkaiera; euskaldunak, % 95. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (bazkarako landareak, artoa, patata, barazkiak, behi, zerri eta ardi azienda; langileen % 22), industria (altzairugintza, armagintza, janari industria, papergintza; langileen % 45) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, irakaskuntza, administrazioa, dendariak; langileen % 33) dira. Aipagarriak dira era berean Markinako marmol harrobiak. Dena dela, industria eta zerbitzuen alorrean diharduen askok bigarren lanbidetzat ditu baserriko lanak. Aipagarri dira Xemeingo Andre Mariaren Jasokunde parrokia, Zenarruzako kolejiata, hilerria, XVII. mendeko Mesedetakoen komentua eta Karmeldar Oinutsen konpainiako komentua, Iturrietako IX. mendeko San Kristobal ermita, XVI. mendeko Abesuako Kristoren ermita, XVII. mendeko Koxme eta Damian santuen ermita, Iruzubietako XVII. mendeko Jasokunde ermita, Ansotegitarren dorretxeko murruak, Antxiako dorretxea, Ugartetarren dorretxea, XVIII. mendeko Murgatarren jauregia, Urberuagako jauregia eta Solartekua jauregia.  v  Historia. Markinako hiribilduak Xemeingo elizatearekin (1952) eta Zenarruzakoarekin (1969) bat egin zuenean sortu zen Markina-Xemeingo udalerria. Xemein Markinako elizatea izan zen beraz, eta Zenarruzakoa, Busturiakoa. Bizkaiko Jauna zen Don Tellok sortu zuen Markina 1355. urtean gipuzkoarren erasoengatik babesteko.