Lea-Artibai
Bizkaia osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar-Arbaitzegi Gerrikaitz eta Ondarroa. 203,6 km2-ko azalera du 1998ko datuen arabera (Bizkaiaren % 9,16), eta 26.555 biztanle zituen guztira 1997an (Bizkaiaren % 2,33). Azalera txikieneko udalerriak izan arren, Ondarroa (10-115 biztanle) eta Lekeitio (7.483 biztanle) dira udalerririk jendetsuenak. Markina-Xemein dator ondoren, 4.708 biztanlerekin, eta gainerakoak mila biztanletik azpikoak dira denak. ■ Hizkuntzari dagokionez, eskualde erabat euskalduna da Lea-Artibai. 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen % 88 euskalduna zen. Batez beste, urte hartako erroldak biltzen zituen 26.421 biztanleetatik 22.895ek euskalduntzat zuten euren burua, 2.136k ia euskalduntzat eta 1.210ek erdalduntzat. ■ Alor ekonomikoan, 1996an 1.989.000 pezetakoa izan zen eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG) biztanle bakoitzeko. EAEko indize bateratzailea 100 eta Bizkaikoa 93 izanik, 87an zegoen indize hori Markina-Bermeo eskualdean, nahiz eta alde nabarmenak izan udalerri batetik bestera. Jarduera industrial gehien hartzen duten udalerrietan gora egiten zuen indize horrek: 240koa zen Berriatuan, 236koa Gizaburuagan, 225ekoa Etxebarrian eta 121ekoa Amoroton. Gainerako guztietan Bizkaiko batez bestekoaren azpitik zegoen. Eskualdearen egitura ekonomikoa ere ez da berdina udalerri guztietan. Arrantza portuen eraginez –Ondarroakoaren eraginez, alegia– lehen sektoreak garrantzia du eskualdeko balio erantsiari dagokionez, % 15,5 izan baitzen 1996an, Bizkaiko batez bestekoa % 1,11 izan zen bitartean. Oro har, eskualdeko udalerri guztietan garrantzi aipagarria du lehen sektoreak, arrantzari lotuak zein nekazaritzari eta abeltzaintzari emanak. Industriak, bestalde, balio erantsiaren % 31,9 ekarri zuen 1996an, Bizkaiko batez bestekoa berdinduz. Jarduera industriala Etxebarrian (balio erantsiaren % 83), Berriatuan, Ispasterren, Gizaburuagan eta Amoroton kontzentratzen zen, eta zerbitzuek, berriz, garrantzi berezia zuten Lekeition edo Markina-Xemeinen, Bizkaiko batez bestekoa (% 59) eta eskualdekoa (% 42) aise gaindituz. Eskualdearen bilakaera ekonomikoa aipatzerakoan ezin da ahaztu arrantzak azken urteotan jasan duen krisialdiak –Ondarroan, batez ere– izan duen eragina. Ontzien kopuruaren murriztearekin batera enplegua ere desagertu da. Oro har, nekez ari da berreskuratzen enplegu maila Markina-Xemein eskualdean. 1999tik 2000. urtera, esate baterako, 8 puntutan jaitsi zen INEMen erregistratutako langabezia Bizkaian, baina kopuru hori 1,7 puntukoa baino ez zen izan Lea-Artibai eskualdean.