Marías, Javier
Espainiar eleberrigilea (Madril, 1951). Azken belaunaldiko espainiar idazleen artean adierazgarrienetako eta irakurrienetakoa da. Bere obretan sentiberatasuna eta esperimentaziorako zaletasuna nabarmentzen dira; erreferentzia ugari agertzen dira zinemari buruz, eta orobat arteari buruz. Kontakizun barnekoiak azaltzen ditu, oro har, klaustrofobia sentsazioa ematerainokoak, nahiz eta gertaerak espazio irekietan dauden kokatuta eta beti dituzten denbora eta espazio erreferentzia ezagunak. Maríasen lehenengo argitalpenak Los dominios del lobo (1971, Otsoaren esparrua) eta Travesía del horizonte (1972, Odeiertzeko igarobidea) izan ziren; lan horietan aurreko tradizioarekiko loturak hausteko grina nabarmentzen da. Hurrengo lanetan –El monarca del tiempo (1978, Denboraren erregea) eta El siglo (1983, Mendea)–, joera intimista lantzen hasi zen. Baina estilo heldutasuna operaren munduan giroturiko El hombre sentimental (Gizon sentimentala) eleberriarekin eta Todas las almas (1989, Arima guztiak) lanarekin iritsi zuen. 1992an, Corazón tan blanco (1992, Halako bihotz zuria) liburuarekin, arrakasta handia lortu zuen eta hainbat sari irabazi zituen, adibidez, Frantziako Femina saria (1996) eta Dublingo Nazioartekoa (lehenengo idazle espainiarra). Azkenaldiko obren artean aipagarriak dira Mañana en la batalla piensa en mí (1995, Bihar guduan gogoratu nitaz), Cuando fui mortal (1996, Hilezkor nintzenean) eta Vidas escritas (1996, Bizitza idatziak). Maríasen obran etengabea izan da genero eta estilo berriak lantzeko kezka, Mano de sombra (1997, Itzal eskua) egunkari modukoak erakusten duenez.