mapa
iz. Lurrazalera osoaren edo zati baten irudikatze grafikoa, gehienetan laua. v Mapa batean perfilak, sinboloak, izenak, etab. erabiliz, lurrazalaren zati jakin bateko egitura naturalen zein artifizialen hedadura erlatiboa eta kokaera irudikatzen dira: erliebea, ibaiak, itsasoak, basoak, bizilekuak, errepideak, burdinbideak, eraikuntza hondakinak, etab. Mapak zenbait konbentzioren arabera moldatu ohi dira; eskala eta proiekzioa dira nagusiak. Gainalde batek mapan duen tamainaren eta egiazki duen neurriaren arteko erlazioari eskala deritza. Eskalaren arabera sailkatzen dira mapak: eskala handikoak, lur hedadura txikia irudikatzen dutenak (1:200.000tik behera); erdi mailako eskalak edo lurraldeak irudikatzen dutenak (1:200.000 eta 1:1.000.000 artean) eta eskala txikikoak edo kontinente mailakoak (1:1.000.000tik gora). Eskala handiko mapak bi motakoak dira: planoak (1:10.000tik behera) eta mapa topografikoak (1:10.000 eta 1:200.000 artean). Mapamundi deiturikoak aurrekoen beste muturrean aurkitzen dira, oso espazio txikian lurraren azalera osoa irudikatzen baitute. Biribila den lurra planoan irudikatu ahal izateko proiekzioak erabiltzen dira; proiekzio motaren arabera, mapetako distantziak, angeluak edota gainaldeen arteko proportzioa aldatzen dira, baina sekula ez dira zuzenak. Bestalde, maparen argibide gisa sinbolo edo ezaugarri bereziak erabiltzen dira: zeinu geometrikoak, koloreak, maila-lerroak, etab. v Mapen sailkapena. Ematen duten informazioaren arabera, mapa mota anitz dira: politikoa, fisikoa, meteorologikoa, geologikoa, etnologikoa, historikoa, hidrografikoa, etab. Ohikoena mapa politikoa da; halakoetan egitura politikoak eta zibilak nabarmendu ohi dira: nazioak, lurraldeak, hiriak, herriak, etab. Horietan, halaber, burdinbideak, errepideak, ubideak, ibaiak eta mendiak agertzen dira. Mapa fisikoetan, aldiz, alderdi geografikoak, topografikoak eta hidrografikoak gizakiari dagozkionak baino gehiago nabarmentzen dira. Gainerako mapek gai bati buruzko argibide espezializatua ematen dute, estatistikoa askotan, oinarrizko erreferentzia datu gutxitan oinarrituta (kostaldeko hegia, mugak, hiri batzuk). Zientzia berezien eta giza jardueraren esparru zabaleko informazioa plazaratzen dute eta, hortaz, era askotarikoak dira: geomorfologikoak, klimatikoak, lurraren osaerarenak, etnologikoak, nekazaritzaren alorrekoak, industriaren alorrekoak, etab. v Mapa astronomikoa. Zeruko zati baten irudikatze laua. Proiekzio jakin bat kontuan harturik, argizagiak beren koordinatuen arabera agertzen dira, gorputz horien argitasunari dagozkion zenbait konbentzio ere erabiltzen direlarik. v Mapa geologikoa. Eskualde jakin bateko harkaitz motak eta egitura geologiko nagusiak erakusten dituen irudikatze kartografikoa. v Mapa mutua. Irudikaturiko egituren izenak (mendiak, ibaiak, nazioak, lurraldeak, hiriak, etab.) ezarriak ez dituena. Gehienbat geografia irakasteko erabiltzen da. v Mapa topografikoa. Maila-lerroen bidez lurrazalaren erliebea eta naturaren gorabeherak zein gizakiek egindako obrak zehaztasun handiz irudikatzen dituena. Mapa topografikoa lan geodesikoak, topografikoak eta argazkien bidez egindako neurketak (fotogrametria) ditu oinarri.