maori
iz. eta izond. Zeelanda Berriko polinesiar etnia bateko kideez esaten da. || Hizkl. Malaysiar-polinesiar familiako polinesiar taldeko hizkuntza, Zeelanda Berriko zenbait alderditan erabiltzen dena. v Maoriak XII-XIV. mende bitartean Sozietate uharteetatik Zeelanda Berrira joan ziren. Bizi diren uharteko klimaren ezaugarriak direla eta, maorien bizimoldea eta kultura gainerako polinesiarrena ez bezalakoa da, polinesiar kultura klima askoz beroago batean garatu baitzen. Maoriek beraz beste era bateko elikadura eta janzkera izan zuten: kokondorik eta ogi-arbolarik ezean taroa eta ñamea uharteko lur hotzagoetara egokitzen ahalegindu ziren, eta janzteko, polinesiarren ohiko oihalen ordez Zeelanda Berriko lihoa erabili behar izan zuten. Halaber, etxola arinen ordez egurrezko etxe sendoagoak eraiki zituzten. Haatik, gizarte antolakuntza bera gorde zuten, familian oinarritua hain zuzen. Zenbait familiak hapu izeneko taldea osatzen zuten eta hapu batzuen artean, tribua (iwi). Hiru gizarte maila bereizten ziren: nobleak, libreak eta esklaboak. Beren historian ez zuten batasun politikorik izan eta etengabe izan diren tribuen arteko gerrak. XIX. mendearen hasieran iritsitako europarrei aurre egin zieten baina gatazka garrantzitsuenak mendearen bigarren erdian gertatu ziren, maori gerrak deiturikoak (1860-1872). Egun maoriek beren bizimodu tradizionala (ehiza, fruitu bilketa) alde batera utzi dute hein handi batean. Europarren eta maorien arteko harremanen ondorioz nahasketa izan da eta maori gehienek badute arbaso europarren bat. Zeelanda Berriko biztanleen % 8,8 inguru dira eta haietako lau bostenak hirietan bizi dira. Maorien arte tradizionalaren berezitasun nabarmenena zur landuak dira.