Manzoni, Alessandro
Italiar idazlea (Milan, 1785 - Milan, 1873). Italiako literaturak izan duen idazle handienetarikoa da. 1805ean Parisa joan zen. Parisen zegoela bere garaiko literatura bilera ezagunenetan parte hartu zuen. Bilera horietan Fauriel, erromantizismoaren aitzindarietako bat, ezagutu eta Frantziako literatura aztertu zuen. 1810ean Italiara itzuli zen eta 1827tik aurrera, historiari, hizkuntzalaritzari eta kulturari buruzko lanak baizik ez zituen idatzi. Bere lanetan bi garai bereizten dira: garai neoklasikoa eta garai erromantikoa. Historiari zion begiruneagatik, ongi bereizten zituen pertsonaia historikoak eta alegiazko pertsonaiak. Herri hizkuntzaren eta hizkuntza landuaren arteko aldeak kezkaturik, literaturan Florentziako hizkuntza erabiltzeko proposamena egin zuen. Politikan aita santuaren aginpidearen kontra agertu zen. Idatzi zituen lan askoren artean hauek ditu azpimarragarrienak: Inni Sacri (Ereserki Sakratuak), Il Cinque Maggio (Maiatzaren bosta), eta Marzo 1821, odak; Le conte di Carmagnola (1820), Adelchi (1822), Storia della colonna infame (1840-42), Del romanzo storico (1845, Historia eleberriari buruz), Dell’unità della lingua (1868, Hizkuntzaren batasunari buruz), saiakerak. Baina Manzoniren obra nagusia eleberri bat da: I promessi spossi (1827, Ezkongaiak).