Mandela, Nelson Rolihlahla
Hego Afrikako abokatu eta politikari beltza (Transkei, 1918). Leinu beltz bateko buruzagi baten semea da. ANC (Afrikako Nazio Kongresua) sortu zuen eta beltzak baztertzen dituen apartheid politikaren kontrako ekintzak antolatu zituen. 1952an apartheid-aren kontra antolatu zen higikundearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Atxilotu egin zuten, baina 1957an askatasuna lortu zuen. Sharpevillen 1960an gertatutako sarraskiaren ondoren erresistentzia kanpaina antolatu zuen. 1964an bizitza guztirako espetxe zigorra ezarri zioten. Hala ere, mundu guztiko gobernuen eta erakundeen presioaren ondorioz, askatasuna lortu zuen 1990ean. Geroztik ere beltzen eskubideen aldeko borrokan jarraitu du. 1965ean, Askatasunera daraman bide latza lana argitaratu zuen. 1981ean Giza Eskubideen Bruno Kreisky saria lortu zuen, eta 1983an Unesco-k ematen duen Simón Bolívar saria. Hegoafrikako arraza guztientzako lehenengo hauteskundeetan, gehiengo handia eskuratu zuen Afrikako Kongresu Nazionala (ANC) alderdiak (1991), eta horrela, 1994an Hegoafrikako lehenengo lehendakari beltza izendatu zuten Nelson Mandela. 1999ko hauteskunde orokorretan, berriz, bere laguntzaile Thabo Mbekik hartu zuen Mandelaren kargua. Mandelak Bakearen Nobel saria eskuratu zuen 1993an, Fr. De Klerkekin batera, Hegoafrikan arrazismorik gabeko demokrazia bat eta batasun nazionaleko gobernua finkatzeko egin zuten ahalegin baketsuari esker.
- mandatari
- mandataritza
- mandategi
- mandatu
- mandazain
- Mandela, Nelson Rolihlahla
- Mandela, Winnie
- Mandelbrot, Benoit B
- mandeuli
- mandil
- mandingo