Makeba, Miriam
(Jaiotza izena, Zensile Makeba). Hegoafrikar jazz eta folk musika kantaria (Johannesburgo, 1932 - 2008). Pretoriako eskola metodista bateko abesbatzan hasi zen kantatzen. Ondoren, 1954-1957 bitartean, hainbat bira egin zituen Black Manhattan Brothers taldearekin. 1957an, apartheid-aren biktima, Hegoafrika utzi eta Londresa eta New Yorkera joan zen bizitzera. Harry Belafonteren laguntzarekin kontzertuak ematen hasi zen, herri abestiak eta jazz eta pop kantuak nahasten zituztenak. 1964an Nazio Batuen Biltzar orokorrean apartheid-aren kontra agertu zen. Bigarrenez Stokeley Carmichael estatubatuar buruzagi erradikalarekin ezkondu zen. Estatu Batuetatik eta Europatik bota zituzten, eta 1969an Ginean hartu behar izan zuten bizilekua. Azkenik, eta hogeita hamar urtez atzerrian egon ondoren, 1990eko hamarraldian Hegoafrikara itzuli zen. Disko nagusien artean aipatzekoak dira: Miriam Makeba (1960), An Evening with Harry Belafonte and Miriam Makeba (1965), Pata Pata (1977) eta Sangoma (1988). Makebak hainbat musikarirekin batera eman ditu emanaldiak, hala nola bere alaba Bongirekin.