Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mainz

Alemaniako hego-mendebaleko hiria, Renania-Palatinatuko lurraldeko hiriburua; 188.500 biztanle (1986). Rhin ibaiaren eskubiko ertzaren eta goi-ordoki baten artean dago eta hiru zati ditu: Altstadt edo alde zaharra, Neustadt edo alde berria eta Oberstadt edo goialdea: parte zaharra katedralaren inguruan dago eta Erdi Aroan zituen ezaugarriak gorde ditu; ekialdean Rhin ibaia eta mendebaldean burdinbidea ditu, eta auzo honetan daude denda, banku eta ministerio gehienak; parte berriena iparraldean dago, XIX. mendean sortua. Goialdea goi-ordokiaren gainean dago eta hiriko parterik berriena da. Mainzen jaio zen Gutenberg, eta han egin zuen 1450ean lehen irarkola;  Mainzen dago Gutenberg museoa. Unibertsitatea Alemaniako zaharrenetakoa da (1447). Mainzeko ekonomiak garagardogintza, ardogintza, metalurgia eta papergintza ditu oinarri.  v  Historia. Erromatarrek sortu zuten, eta barbaroek behin eta berriro suntsitu zuten. XIII. mendearen bukaera aldean Germaniako primatuaren egoitza izan zen. Erdi Aroan eta batez ere Hogeita Hamar Urteko gerran gudu asko izan ziren han. 1871 ondoren hiria gotortu egin zuten. 1918tik 1930era frantsesen esku egon zen.