Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mafia

Sizilian sortutako ezkutuko erakundea.  v  Historia. Napoleonen gudarosteak Sizilia inbaditu zuenean herriko aristokraziaren interesak zaintzeko sortu zen Mafia. Ondoren, lur jabe handien esanetara zegoen polizia pribatu gisako zerbait bilakatu eta ezkutuko elkarte moduan antolatu zen. Mafiako kideek “ohore araudia” jarraitu behar dute: taldeko agintariek esaten dutena egin behar dute beti, elkarri lagundu eta mendekua hartu (senide guztiengana zabal daitekeena) erakundearen sekretuak zabaltzen dituenaren kontra. Faxismoaren garaian haren kontra jarri zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Siziliaren burujabetasuna eskatzen zuen higikundearen alde jarri zen. Estatu Batuetan duen adarrak, Cosa Nostra izenekoak, Estatu Batuetako drogaren, prostituzioaren eta jokoaren zati handia kontrolatzen du. Mafiaren interesak bai Italiako eta bai Estatu Batuetako politikari askoren interesekin bat datozenez, askotan ez dituzte arazo larriak izan justiziarekin. 1982an Palermon Carlo Alberto della Chiesa, Mafiaren kontrako borrokaren buruzagi nagusia hil ondoren, Italiako gobernuak erakundearen kontrako neurri gogorrak hartu zituen. 1993ko urtarrilean Siziliako poliziak Salvatore Riina, dirudienez 1970-1990 bitartean Mafiaren buruzagi nagusia izandakoa atxizlotu zuen.