Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Luxor

edo Luksor. (Arab. al-Uqsur). Goi Egiptoko hiria, Keneh-eko departamenduan, Nilo ibaiaren ertzean. 147.900 biztanle. Aireportua. Egiptoko turismogune nagusietakoa da.  v  Artea. Luxor-ko arkeologia zentroan daude antzinateko Tebasko hiriaren hegoaldeko hondarrak, Nilo ibaiaren ezkerraldean. Tebasko hiriaren iparraldeko aztarnak, berriz, Karnak-eko arkeologia zentroan. Amon jainkoaren ohoretan eraiki zuten Luxor-ko tenplua. Amenhotep III.a faraoiak (K.a. 1390-K.a. 1353) hasi zuen (papiro landarearen itxurako zutabez inguraturiko patioak, zutabe errenkada luzea, hipostiloz edo zutabezko aretoa), baina ondoko faraoiak bertan behera utzi zituen obrak. Tutankhamon eta Horenheb faraoiek zenbait obra txiki egin zituzten, baina Ramses II.ak eman zion monumentu handi baten itxura (pilon edo atari handi batez hornituriko patio berria, sei estatua erraldoi eta bi obelisko; horietako bat Parisen dago gaur egun, Concorde plazan). Dromos edo bide luze batek elkartzen zituen Luxor eta Karnak-eko tenpluak, alde banatan esfinje kriozefalo (ahari-burudunak) sail banarekin. Yusuf al-Haggang xeke edo buruzagi musulmanak mezkita bat eraiki zuen Lehengo patioaren ipar-ekialdeko angeluan.