Luxenburgoko Dukerria
(Izen ofiziala, Luxenburgoko Dukerri Handia; Luxenburgeraz, Groussherzogtum Lëtzebuerg; Fr., Grand-Duché de Luxembourg; Al., Grossherzogtum Luxemburg). Europako erdialdeko estatua. Mugak: iparraldean eta mendebaldean Belgika; ekialdean Alemania, eta hegoaldean Frantzia. 2.587 km2 eta 486.000 biztanle (2008ko estimazioa, luxenburgotarrak). Hiriburua, Luxenburgo (76.226 bizt.). Hiri nagusiak: Esch-sur-Alzette, Clervaux, Differdange, Dudelange, Sanem, Wiltz eta Petange. Hizkuntzak: luxenburgera (nazio hizkuntza), frantsesa eta alemana (ofizialak). Erlijioa: erlijio ofizialik ez dago. Katolikoak dira biztanle gehienak (% 94); gainerakoak protestanteak dira (% 1), eta juduak. Diruak: euroa. ■ Txikia izanagatik, Luxenburgo Europako diplomaziaren erdiguneetako bat da, eta beste herrialde askoren gainetik dago burdinaren eta altzairuaren ekoizpenean. Europako herrialde aberatsenetakoa da. ■ Lurraldea. Bi eskualde nagusitan banatzen da dukerria: Ösling edo Oesling iparraldean (estatuaren herena hartzen duena) eta Gutland edo Bon Pays, “Lurralde oparoa”, hegoaldean. Ösling eskualdeak klima gogorra du eta lurrak ez dira emankorrak, baina turismo asko erakartzen du, basoak, ibaiak, gazteluak etab. direla-eta. Gutland eskualdeko klima gozoagoa da, eta lurrak aberatsagoak. ■ Biztanleak. Biztanle gehienak luxenburgotarrak dira (% 67,4), baina immigrazio tasa handia izan da beti, eta kanpotar asko dago (% 30: portugaldarrak, italiarrak, frantsesak, belgikarrak, alemaniarrak). Langileen beharra ez du jada asetzen bertako biztanleriak, zahartzen ari baita, eta, hala, Luxenburgoko langileen erdiak baino ez dira bertakoak. Gaur egun, kanpotarrak Europar Batasunetik helduak dira ia denak, portugesak nagusiki, eta belgikarrak, frantsesak, italiarrak, etab.; Jugoslavia ohia desegin zenetik, etorkin asko daude, halaber, Bosnia eta Herzegobina, Montenegro eta Serbiakoak. Europako etorkin ehunekorik handiena du. Demografiari dagokionez, Europa Mendebaldeko herrialde aurreratuenetakoen ezaugarriak ditu Luxenburgok: urbanizazio tasa garaia (% 89,5); % 1,2ko urteko biztanleria hazkundea (2007an); emakumeko haur kopuru txikia (1,7, 2002an); bizi itxaropen handia (79 urte, 2007an), eta haurren hilkortasun oso apala (4,7 heriotza mila haurreko, 2007an). ■ Ekonomia. Luxenburgoko ekonomia egonkorra da; diru-sarrera handiak ditu, eta hazkunde moderatua, inflazio apala eta langabezia tasa txikia. Biztanleko BPGa munduko handiena da. XIX. mendearen amaieran sartu zen industria aroan, burdin hobien ustiakuntza hasi zenean. Ikatza inportatu behar zen arren, industria siderurgiko garrantzitsua garatu zen, ARBED konpainia sortu zuena. 1970eko hamarralditik aurrera, altzairuaren krisiaren eraginez, industria askotarikoagoa sustatzen hasi zen Luxenburgo: kimika industria, kautxua… Hala ere, finantzen sektoretik dator Luxenburgoko ekonomiaren azken urteotako oparotasuna. Europar Batasunaren bihotzean dagoen estatu txiki bat izanik, egoera hori baliatu du finantza azpiegitura indartsu bat sortzeko, nazioartera ere zabaldu du: inbertsio funtsen munduko bigarren gune. ■ Luxenburgon dago zenbait europar erakunderen egoitza: Legebiltzarraren idazkaritza, Epaitegia, Inbertsioen Europar Bankua, Europar Erkidegoen Estatistika Bulegoa (Eurostat). Era berean, oso leku garrantzitsua betetzen du Luxenburgok Europako ikus-entzunezkoen eremuan, Luxenburgotko Teledifusio Konpainiari esker, zeinaren kapital gehiena baita gaur egun atzerritarra. ■ Historia. Erromatarren konkistaren garaian (K.a. 57-K.a. 50), treveri herri belgikar zelta bizi zen egungo Luxenburgoko lurraldean. V. mendearen hasieratik aurrera herri germaniarrak egokitu ziren bertan eta Clovisen frankoen, merovingiarren eta karolingiarren mende egon zen ondoko mendeetan. 843an hirutan banatu zen lurraldea eta 963an burujabe bihurtu zen, Sigfrido Ardenakeko kondea buru zela (Lützelburg-eko gazteluaren sorrera). 1060an Luxenburgoko konde titulua jaso zuen Konrado Sigfridoren ondorengoak eta handik aurrera indartu zen Luxenburgoko etxea. 1312an Germaniako enperadore izendatu zuten Henrike IV.a Luxenburgokoa. XV. mendean Burgundiako etxearekin lotu zen ezkontza bidez Luxenburgoko etxea (1409) eta 1443an Filipe Burgundiako dukeak erosi zuen lurraldea. XVI. mendearen hasieran, Habsburgoko etxea jabetu zen lurraldeaz eta Espainiako Erregetzarako gerraren ondoren (1700-1714) Espainiako koroaren mende egon zen, Austriako habsburgotarrak nagusitu ziren arte. 1815eko Vienako Kongresuak Luxenburgo Holandako erresumaren mendean uztea erabaki zuen eta 1830ean, Belgika burujabe egin zenean, Belgika eta Holandako estatuen artean banatu zen Luxenburgo. Holandaren mendeko Luxenburgo dukerri handi bihurtu zen, 1867 arte, eta dukerri burujabe eta neutral gisa itxuratu zen handik aurrera, Nassauko etxea nagusi zela. 1914an alemaniarrek konkistatu zuten eta 1922an Belgikaren eta Luxenburgoko dukerri handiaren arteko mugak zehaztu ziren. 1940an alemaniar naziek okupatu zuten. 1946an sinatu zuen Luxenburgok Benelux deituriko batasunari lotzen duen tratatua; 1948an neutraltasuna utzi eta NATO erakundean sartu zen, eta Europar Batasuneko kide da sortu zenetik (1957). 1964. urtean, Charlotte dukesa handiak abdikatu egin zuen bere seme Jeanen alde. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenez geroztik, Herri Alderdi Kristau-soziala (CSV) izan da nagusia. 1959az gero, ia etengabe izan du bere esku gobernuaren buruzagitza, sozialistekin koalizio bat osatuz 1984tik aurrera. Hortaz, estatuburuen agintaldiak oso luzeak izan dira: Pierre Werner (1979-1984) eta Jacques Santer (1984-1995). Santer, bestalde, Europar Batzordearen lehendakari izan da 1999 arte. Jean-Claude Juncker-ek hartu zuen haren lekua gobernuaren buruzagitzan.
http://www.gouvernement.lu/
- luxenburgar
- luxenburgera
- Luxenburgo
- Luxenburgo
- Luxenburgoko dukea
- Luxenburgoko Dukerria
- luxenburgotar
- Luxe-Sumberraute
- Luxo
- Luxor
- Luyando