Luxenburgo
Belgikako hego-ekialdeko herrialdea, Luxenburgoko dukerriaren ondoan. 4.441 km2 eta 224.375 biztanle. Hiriburua, Arlon. Bost barrutitan banatua dago: Arlon, Bastogne, Marche-en-Famenne, Neufchâteau eta Virton. Luxenburgoko lurraldearen hiru-laurden Ardenak lurraldeak hartzen ditu eta Meuse ibaiaren hiru adarrek ureztatzen dituzte herrialdeko lur eremuak: Ourthe, Semois, Lesse. Saint-Hubert baso zabal eta trinkoa dago Ourthe eta Lesse ibaien artean. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (patatak, laboreak, garia, garagarra, fruitu arbolak, behi, ardi eta zerri azienda) eta turismoa dira. Industria (altzairugintza, labe garaiak) hiri nagusietan dago.