Luxemburg, Rosa
Alemaniar komunista iraultzailea (Zamosc, Polonia, 1870 - Berlin, 1919). Poloniar familia judu batean sortu zen. 1889an Polonia utzi zuen Langileen alderdi iraultzaile sozialistako kide zelako eta Suitzara joan zen. Zurichen Errusiako alderdi sozial-demokratako buruzagiak ezagutu zituen, Georgy Plekhanov bereziki eta ekonomia politikoko ikasketak amaitu zituen. Gustav Lübeck-ekin ezkondu ondoren, 1898an Alemanian egon zen eta berebiziko tokia izan zuen aurrerantzean Alemaniako alderdi sozial-demokrataren barnean, Leipziger Volkszeitung egunkarian. 1898an Sozialreform oder Revolution? (Erreforma ala Iraultza?) argitaratu zuen, Eduard Berstein-en erribisionismoaren aurka. 1905eko Errusiako iraultza saioaren ondoren, Poloniara jo eta iraultzaren aldeko lanetan ibili zen han. Atxilo hartu zuten, baina luze gabe aske geratu eta Alemaniara joan zen berriro. Massenstreik, Partei und Gewerkschaften (1906, Greba orokorra, alderdia eta sindikatuak) liburuan zehaztu zuen alderdiak iraultza mugimendu orokorarren gidari gisa zuen egitekoa. Sozial-demokraten eskolako ekonomia politikoko irakasle izan ondoren, Die Akkumulation des Kapitals (1913, Kapital metatzea) argitaratu zuen, kapitalismoak inperialismoaren fasean biziko zituzkeen kontraesanez. II. Internazionalaren porrotak eta Lehen Mundu Gerraren aurrean Alemaniako politikari sozial-demokrata askok erakutsi zuten portaera gerrazaleak bultzatu zuen 1915ean Rosa Luxemburg, Karl Liebknecht, Franz Mehreing eta Clara Zetkin-ekin batean, Espartakus Taldea, joera iraultzaile antimilitaristakoa, sortzera. Espetxean (1915-1916;1916-1918) segitu zuen bere Ekonomia politikorako sarrera inoiz amaituko ez zuen obra idazten eta bertatik jarraitu zituen Errusiako iraultzaren gorabeherak. 1918an aske utzi zuten Alemaniako iraultzaldiaren ondoren, Die rote Fahne egunkaria sortu eta Alemaniako alderdi komunista bultzatu zuen (1918ko abendua). Iraultza espartakistan parte hartu zuen 1919ko urtarrilean, hasieran aurka zegoen arren, eta hil bereko 15ean preso hartu eta hil zuten aurkakoek.
- luvitera
- lux
- Luxaondo
- Luxe etxea
- Luxe
- Luxemburg, Rosa
- luxenburgar
- luxenburgera
- Luxenburgo
- Luxenburgo
- Luxenburgoko dukea