lurraren gehiegizko berotzea
Lurraren ohiko tenperatura handitzea, erregai fosilen eta beste industria prozesu batzuen erabileraz eguratsean pilatutako gasen ondorioz (karbono dioxidoa, metanoa, oxido nitrosoa eta klorofluorokarbonatoak). ■ 1896. urteaz geroztik badakite zientzialariek karbono dioxidoak irrada infragorriei espaziora ihes egitea galarazten diela, eta horregatik duela Lurrak tenperatura bero samarra ("berotegi efektua"). Dirudienez, XX. mendean eguratsean pilatu den karbono dioxidoa dela-eta, Lurraren tenperaturak gora egin dezake, kostaldea urpean geratzeko eta klima aldaketa handiak izateko arriskuarekin. XIX. mendearen erdialdeaz geroztik Lurraren tenperatura gradu batez handitu da, baina handitze hori gorabehera naturalen ondorio ere izan zitekeen. Izan ere, beti izan dira horrelako gorabeherak, epe luze nahiz laburragoetan. Gizakiak sortutako karbono dioxidoa eta naturala bereizteko zailtasuna izan da arazoa kontrolatzeko legeak egitea atzerarazi duen arrazoietako bat. Nolanahi ere, Lurraren berotzearen ondorioak beldurgarriak izan daitezke, eta mundu osoko zientzialariak ari dira lehenbailehen neurriak hartu beharraz ohartarazten eta nazioarteko laguntza eskatzen arazoari aurre egiteko.