Lurraren gailurra
Nazio Batuek deitutako biltzarra, munduko ingurumenari eta garapenari buruzko arazoak aztertzeko. 1992ko ekainaren 3-14 bitartean egin zen, Rio de Janeiron. Munduko bilakaera ekonomikoa eta ingurumenaren babesa, biak batera gauzatu ahal izateko bideak aztertzea zen biltzarraren helburu nagusia. Historiako nazioarteko biltzarrik handiena izan da, 178 herrialderen parte-hartzearekin. Lurraren Berotzearen Hitzarmenak gasen emisioak kontrolatzeko jarraibideak zehaztu zituen. Herrialde industrializatuek Hirugarren Munduko herrialdeetako ingurumena zaintzeko proiektuak aurrera eramateko diru laguntza agindu zuten. Bioaniztasunari buruzko ituna izenpetu zuten herrialdeek (Estatu Batuek ez zuten izenpetu) arriskuan diren motak babestuko zituztela hitz eman zuten. Basoaren Oinarrizko Adierazpenak munduko basoak zaintzeko eta basoaren ustiapena kontrolatzeko beharra aldarrikatu zuen. Garapen Iraunkorraren Batzorde bat ere sortu zen, hartutako erabakiak ekarrekin adosten ote ziren aztertzeko. Agenda 21 izeneko proiektuak ingurumenari kalterik egingo ez dion ekonomia garapen baterako estrategiak eta planak aurkeztu zituen. Ingurumen eta Garapenaren Adierazpenak ekonomia eta ingurumen arazoak batera aztertu beharra nabarmendu zuen. Bestalde, herrialde industrializatuek Hirugarren Munduko herrialdeei laguntza ekonomiko masiboa emateko orduan ez zen adostasunik lortu.