Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

lur

iz. Bizi garen planeta. || Lurraren azala eta bereziki zati gotorra, gizakiak eta abereak daudena. ◊ Lurraldea. || Lurraren azalaren zati gotorra eratzen duen osagaia, eta bereziki osagai horren zati biguna, landareak hazteko balio duena. || Osagai horren hedadura, bereziki lantzeko erabiltzen dena. ◊ Delako osagaia, gaitzat hartua. || Zola. || Lur eman. Lurperatu, ehortzi. || Lur-lan. Lurra lantzea, nekazaritza. || Lur jo. Hondoa jo, behea jo, suntsitu. || Lur-emaile. Sin. ehorzle.  v  Eguzki sisteman, Eguzkiaren inguruan itzulika ari diren bederatzi planeten artean, hirugarrena Eguzkitik hasita, bosgarrena neurriari dagokionez, eta orain arte ezagutzen direnetatik izaki biziak dituen bakarra da Lurra. Artizarraren eta Marteren artean dago, eta satelite bakar bat du, Ilargia, batez beste, Lurretik 384.000 km-ra dagoena.  v  Lurraren higidura. Lurra, gainerako planetak bezala, bi higidura nagusiren mendean dago, errotazio higiduraren eta translazio higiduraren mendean, hain zuzen. Lurrak bere ardatzaren gaineko jira osoa egiteko (errotazioa) 23 ordu, 56 minutu eta 4 segundo behar izaten ditu (egunaren iraupena). Halaber, Eguzkiaren grabitazio indarrak erakarrita, Lurrak segundo bakoitzeko 29,8 km egiten ditu Eguzkiaren inguruko orbita eliptikoan zehar (translazioa), eta 365,25 egun behar ditu itzuli osoa egiteko (urtearen iraupena). Lurraren bi higidura horien planoek 23°27’-ko angelua eratzen dute, ekliptikaren angelua deitua. Planetaren errotazioak sortzen duen indar zentrifugoa dela eta, Lurrak esfera baten eitea du, zapalagoa Ipar eta Hego buruetan Ekuatore aldean baino.  v  Neurri nagusiak. Dentsitatea (ura = 1): 5,517 g/cm3; masa: 5.976 x 1024 kg; bolumena: 1.083 x 1021 m3; grabitatearen azelerazioa: 9,812 m/sg; Lurraren eremua: 510.100.900 km2 (% 29,22 lurra eta % 70,78 ura); Lurraren batez besteko erradioa: 6.371 km (6.378 km Ekuatorean eta 6.357 km lurburuetan); Ekuatoreko itzulia: 40.076 km; Lurraren gailurra: 8.848 m (Everest mendia); itsaspeko sakontasun handiena: 10.430 m (Marianas-eko sakana). Batez besteko tenperatura gainaldean 14 °C-koa da; Lurraren eta Eguzkiaren artean 147-152 milioi km bitarteko tartea dago.  v  Lurraren sorrera eta bilakaera. Lurra nola sortu zen oraindik ez da argitu, eta hainbat teoria eman dira ezagutzera gertaera horren nondik norakoak agertu nahian. Kosmologoen aburuz, unibertsoak 15.000 milioi urte zituenean eratu bide zen, orain dela 4.600 bat milioi urte, Eguzki sistema, izar hautsez eta gasez osatutako hodeia, trinkotzean. Gero, grabitazio indarraren eraginez, ura eta gasa, dentsitate txikikoak izanik, planetaren kanpoko aldera urrundu ziren, eta erdigunetik hasita, hoztuz joan zen. 500 milioi urteren ondoren Lurraren tenperatura gaurkoaren oso antzekoa izatera heldu zen. Orain dela 4.000 milioi urte inguru eratu ziren lehen ozeanoak eta gainaldeko haitzak, lehen bizidun zelulabakarrak orain dela 3.400 milioi bat urte, eta duela 1.500 milioi urteren ondoren sortu ziren fotosintesia egiteko gai ziren landareen lehen zelulak.  v  Lurraren egitura eta osaera. Lurraren egiturari eta osaerari buruzko azterketetan hiru alde nagusi bereizten dira: Lurra bera (gainaldea eta barnealdea), eta hura inguratzen duten bi geruzak, atmosfera (gasa) eta hidrosfera (ura). Atmosfera, lurrazalaren gaineko geruza, nitrogeno (% 78) eta oxigeno (% 21) gasez eratua dago gehienbat, eta gai horiez gainera, argoia, karbono dioxidoa, ur lurruna, eta partikula trinkoak eta isurkariak ere baditu. Ehunka kilometrotako lodiera du eta troposfera (17 bat km lodi), estratosfera, mesosfera (50 km-tatik gora), heterosfera (100-500 km bitartekoa) eta exosfera izeneko geruzetan dago banatua. Eguzkiaren izpi ultramoreek atmosferaren goi geruzetan oxigenoa ozono bihurtzen dutenean, ozonosfera geruza eratzen dute, berebiziko garrantzia duena, Lurrean bizitzea ahalbideratzen baitu. Halaber, ionosferak, 55 km-tatik gora ioiek eta atomo karga elektrikodunek eratzen duten geruzak, irazki baten gisa, kanpotik heltzen diren irradetatik babesten du Lurra. Hidrosfera, lurrazaleko ur-izotzek eratutako geruza, da Lurra Eguzki sistemako gainerako planetetatik bereizten duen ezaugarri nagusia. Hidrosferak (% 98 itsasoko urez osatua da) Lurraren eremu osoaren % 71 hartzen du, eta han sortu ziren lehen landareak eta animaliak. Lurraren barne egiturari dagokionez, osaera desberdina duten eta elkarren zentrokide diren hiru geruza nagusi bereizten dira, horiekiko zentrokide ere diren etenez bereizita: a) Lurraren kanpoko azalak edo gainaldeak (masa osoaren % 1) Mohorovicic (Moho ere deitua) izeneko etenean du muga, gainazaletik 35 bat km-ra kontinenteen azpian eta 10 bat km-ra itsaspean; 3-3,5 bitarteko dentsitatea du, eta granito eta basalto haitzez dago osatua gehienbat. b) Erdiko geruzak (masaren % 65) 2.900 km-ra du muga, Gutenberg etenean; 3,5-5,5 bitarteko dentsitatea du, eta magnesio-silikatozko haitzez osatua dago gehienbat; burdina, kaltzio eta aluminioa ere bada. c) Nukleoa (masaren % 31-32), 2.900 km-tatik Lurraren erdigunera bitarteko zatia da, eta bi partetan bereizten da, kanpokoa eta barnekoa, 5.100 km-ra dagoen etenak bereizita; ikerketen arabera kanpo-guneko gaia burdin urtua da; barne-gunea, berriz, tenperatura oso handia izanagatik (3.700 °C), trinkoa da, oso presio handiaren mendean baita; geruza horren dentsitatea 10-13 bitartekoa bide da, eta uste da burdin eta nikel aleazioz osatua dagoela gehienbat.  v  Lurraren eremu magnetikoa. Lurra iman bat bezalakoa da; iman horren poloak lurburuetatik oso hurbil daude. Horregatik iparrorratzaren orratzak iparraldeko eta hegoaldeko polo magnetikoekin lerroz lerro jartzen dira. Eremu magnetikoak Lurraren kanpoko gunean dabilen burdin urtuaren eroamenak eragiten duen korronte elektrikoan du sorburua. Hala, Lurra eremu magnetiko batek (magnetosferak) inguratua dago; magnetosfera hori atmosferan 140 km-tik gora hedatzen da, eta Eguzkiak igortzen dituen partikula karga elektrikodunak erakartzen ditu eta guztiz garrantzizkoa da hori hala izatea, partikula horiek Lurrera eroriz gero bizitza suntsituko bailukete. Oso gertaera ikusgarriak izaten dira halakoetan (aurorak).