Lully, Jean-Baptiste
Italiar musikagilea, frantses herritartua 1661. urtean (Florentzia, 1632 - Paris, 1687). 1646. urtetik aurrera Parisen aritu zen ikasle, eta Roberday eta Gigault-en ikasle izan zen. 1653. urtean Luis XIV.aren zerbitzari sartu zen. 1661. urtetik aurrera gorteko ganberako musika zuzendaria izan zen eta 1662. urtetik aurrera errege familiaren musika maisua. Urte batzuk lehenago Vingt-quatre violins du roi izeneko taldea sortu zuen eta taldearen zuzendaria izan zen. 1664. urtean Molière-rekin batera idatzi zuen Le bourgeois gentilhomme izeneko opera-ballet ezaguna. Lullyk sartu zituen lehenengo aldiz emakumezko dantzari profesionalak balletean. Frantses operan ere aldaketak sartu zituen: frantses moldeko obertura esate baterako, bi aldi geldo eta beste bat bizkorragoa duena. Idatzi zituen operen artean aipagarriak dira: Cadmus et Hermione (1673), Alceste (1674), Thesée (1675), Armide et Renaud (1686). Balletak idatzi zituen, musika intzidentala antzerkirako, ahotserako erlijiozko musika lanak, musika tresnetarako lanak eta abestiak. Armide opera, bere maisulana, idatzi eta hurrengo urtean erregea gaixotasun batetik sendatzeko jo zen Te Deum-aren konpasa markatzen ari zenean, makilkada bat eman zion oin bati eta gangrenak jota hil zen.