Lukuzeko etxea
(Erdaraz Luxe eta Lusse). Nafarroako erresumako leinu noble zaharrenetako bat. Lukuzeko jaunek Nafarroako estatuetan eta Amikutzeko Gorte Nagusian lekua zuten. Akizeko bizkondeen ondorengoak ziren jatorriz. Nafarroako gerra zibiletan beaumontarren alde jokatu zuten. Fernando Aragoiko eta Gaztelako erregea Nafarroaz jabetu zenean, Nafarroako erregearen alde jarri zen Joan IV.a Lukuzekoa, baina 1524an Karlos V.a enperadoreari lagundu nahi izan zion Nafarroako konkistan. Erlijio gerretan, Joana Albretekoaren aurka eta katolikoen alde nabarmendu zen Karlos Lukuzekoa. Hau izan zen Lukuzeko azken kondea (1604an hila), Montmorency-ko etxea nagusitu baitzen bertan, Karlota-Katalina Karlos Lukuzekoaren alaba eta oinordekoa Luis Monmorency-Bouteville-koarekin ezkondu ondoren (1593). 1671n Montmorencyko jaunak Iruriko kondeari saldu zizkion Lukuzeko jabetza guztiak.