Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lula da Silva, Luiz Ignacio

Brasildar politikaria (Pernambuco, 1945). Gaztetan hainbat lan egin zituen, kale saltzaile, mezulari, eta abar aritu zen. Hamalau urte zituela tornulari eta mekaniko ikasketak egiten hasi zen, baina utzi egin zituen eta meatzaritza enpresa batean hasi zen lanean. Lan horretan egon zen 1975 arte. Urte horretan San Bernardo del Campo eta Diademako metalgintzako sindikatuko buru hautatu zuten. 1980an, beste hainbat sindikalistarekin batera, Langileen alderdia osatu zuen, marxista muturrekoen hainbat joera biltzen zituena. Langileen alderdia, Internazional Sozialistako kide, Brasilgo bigarren alderdia izatera iritsi da Lula da Silvari esker; bestalde, Langileen Zentral Bakarra sindikatua sustatu zuen. 1978an metalgintzako langileen greba bat zuzendu zuen gobernuaren kontra. Handik gutxira espetxeratu egin zuten, eta kendu egin zuten sindikatuko kargutik. 1980. urtearen hasieran libre utzi zuten, eta urte horretan bertan, Sao Pauloko industriaguneetan izan ziren greba nagusietako buru izan zen. Hiru urteko espetxe zigorra jarri zioten, baina behin-behineko askatasuna eman zioten. 1982an laugarren izan zen Sao Paulo estatuko gobernurako hauteskundeetan, eta 1986an boto gehien izan zituen diputatu federala izan zen. 1988ko udal hauteskundeetan Langileen Alderdiak Sao Paulon irabazi zuen. Lehendakaritzarako hauteskundeetan irabazteko zorian egon zen, baina Fernando Collor de Melok lortu zuen garaipena. Gogor egin zuen Collor presidentearen kontra, eta ustelkeria leporatu zion. 1994ko lehendakaritzarako hauteskundeetan ere galdu egin zuen, bigarren aldiz, Fernando Henrique Cardosoren kontra. 2003. urtean, aldiz, irabazi egin zituen hauteskundeak.