Lübeck
Alemaniako iparraldeko hiria eta portua (Schleswig-Holstein lurraldean), Trave ibaiaren estuarioan, Itsaso Baltikoaren ertzean. 217.225 biztanle. Jarduera handiko portua da; Eskandinaviako hiri garrantzitsuenekin ditu merkataritzazko harremanak (larruak, burdina). Bigarren Mundu Gerraz geroztik industria garapen nabarmena izan du hiriak, neurri handi batean Ekialdeko Alemania zenetik etorritako 100.000tik gora iheslariren lan merkeari esker. Mekanika, ontziolak, altzairugintza, automobilgintza, metalurgia eta janari industria dira industria nagusiak. Bigarren Mundu Gerra garaian hiria suntsitu bazuten ere, antzinako monumentuak ondo gorde dira. Aipagarri dira, besteak beste, Holstentor edo XV. mendearen bukaeran gotorturiko portua, katedral erromanikoa (XVI. mendean berritua), XIII. mendeko Marienkirche eta Jacobikirche elizak, mende bereko Espiritu Santuaren erietxea eta XIII-XIV. mendeetako udaletxe gotiko-errenazentista. v Historia. XI. mendean sortu zuen hiria Adolfo II.a Holsteingoak eta 1226an Germaniako inperioko hiri bihurtu zen. Hansa elartea sortu zuen hirietako bat izan zen, Hanburgorekin batean, eta oparotasunean bizi izan zen XVI. mendera arte. Eragin handia izan zuen Eskandinaviako hegoaldeko eta Baltikoko Herrietako hirien artean eta politikan zeregin berezia izan zuen zenbaitetan, Danimarkaren eta Suediaren arteko gatazketan bitartekari gisa. Lubeckeko hiriak autonomia handia izan zuen 1937ra arte. 1937an Prusiaren barnean geratu zen eta 1946an Schleswig-Holstein estatu federatuan.