Lubetkin, Berthold
Ingeles arkitektoa, sortzez georgiarra (Tbilisi, 1901 - 1990). Britainia Handiko higikunde modernoaren arkitekto nagusitzat hartzen da, nahiz eta eraikuntza gutxi batzuk besterik ez dituen egin. Horietako batzuek, Londresko zooko pinguinoen igerilekuak besteak beste (1934), indar sinboliko handia dute gaur egun oraindik. Bere familiak ehundegiak zituen Errusian eta hainbat urte egin zituen herrialde hartan. San Petersburgoko eta Moskuko lizeoetan ikasi zuen. Handik Berlina joan zen eta ondoren Parisa; Jean Ginsberg-ekin batera hormigoi armatuzko etxe bat eraiki zuen Parisko Versailles etorbidean. Garai horretan Sobietar Batasuneko arkitektura lehiaketetan parte hartu zuen. 1931n Londresa joan zen bizitzera, eta han Britainia Handiko alderdi komunistaren hurbileko Arkitekto eta Teknikarien erakundean sartu zen, eta Tecton lantegia sortu zuen. 1932. urtetik aurrera Tecton-ek hainbat erakin egin zituen Londresko zoorako. Etxebizitzak ere egin zituen. Lubetkinen bi eraikuntza izan ziren Britainia Handian funtzionalismoa indartu zutenak: 1934-1935 bitartean, Londresen berrogeita hemeretzi apartamentu egin zituen Highpoint One eraikinean Zigmund Gestetener industriarentzat; handik bi urtera Highpoint Two eraikina osatu zen (1936-1938). Tecton elkartetik kanpo hiru urtez aritu zen Lubetkin Peterlee hiriaren (Durham konderrian) plan orokorrean. Baina burokrazia arazoak izan zituen, eta lana bere horretan utzi behar izan zuen bere. Aldi batez ez zituen proiektu handietako enkarguak izan, kritika txarrak zirela-eta. Hala, animaliekin bizitzea erabaki zuen eta hogei urte eman zituen zerriak hazten.