Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lubbers, Ruud

Herbehereetako politikaria (Rotterdam, 1939). Herbehereetako Lehen Ministro izan zen 1982-1993 urte bitartean. Hiri horretako Erasmus Unibertsitatean graduatu zen, eta 1963. urteaz geroztik bere familiaren Lubbers Hollandia ingeniaritza lantegian lan egin zuen. Erdi-eskuineko alderdi demokratakristauko kide egin zen, eta langileen federazio kristauko eta ingeniaritza mekanikoko eta elektrikoko industrien federazioetako zuzendaritza batzordeetako kide izan zen. Ekonomiako ministro izan zen 1973-1977 urteen bitartean koalizioko gobernu batean, eta orduz geroztik legebiltzarreko kide izan zen. 1978an alderdi demokristauko buruzagi izan zen. 1982ko azaroan Lehen Ministro izendatu zuten, eta Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdiarekin osatu zen koalizioko buru izan zen. 1989an beste koalizio bat osatu zuen Lanaren alderdiarekin (erdi-ezkerraldeko sozialista), 1993 arte iraun zuena. Lehen Ministro izan zen bitartean Herbehereetako ekonomiaren liberalizazioa bultzatu zuen, eta Europar Batasuna sendotzeko prozesuan parte hartu zuen.