Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Loriod, Ivonne

Frantses musikaria (1924). Oso gazterik hasi zen musika ikasten, eta musika lan klasiko nahiz erromantikoaren aukera zabala interpretatzen jakin du. Parisko Musika Kontserbatorioan ikasi zuen pianoa Lazare Levyrekin, konposizioa Darius Milhaudekin eta analisia Olivier Messiaenekin. Azken horren emaztea eta lanen interprete nagusia da. Gaur egungo musika interpretatu izan du, Schonberg, Jolivet, Bartok eta Boulezen lanak, besteak beste. Musika klasikoa ere asko landu du; hala, Mozarten piano eta orkestrarako hogeita bi kontzertuak interpretatu ditu. Parisko Musika Kontserbatorioan pianoko irakasle izan zen 1967. urtetik 1989. urtera. Argentinan, Estatu Batuetan eta Europan zehar ere irakasle lanetan ibili da.