Lorenzo, Anselmo
Espainiar anarkosindikalista eta idazlea (Toledo, 1841 - Bartzelona, 1914). Madrilen hasi zen lanean hamaika urte zituela tipografo gisa eta gazterik hasi zen Lehenengo Internazionalarekin harremanetan. 1870. urteko zapalkuntzaren ondorioz, Portugala jo eta nazio hartako lehen talde anarkistak eratu zituen. 1871ko irailean parte hartu zuen Internazionalaren bileran Londresen eta, haien miresle zen arren, ez zituen bertan zeuden Marxen eta Engelsen ideiak onartu. Espainiako langile mugimenduko buru izan zen 1874tik aurrera eta Bartzelonan 1889an preso hartu zuten, atentatu baten ondoren. Parisa bidali zuten Montjuiceko auziaren ondoren eta, hango intelektual ezkertiarren artean egon ondoren, Bartzelonara itzuli zen berriro. 1902an kartzelara eraman zuten, urte hartako greba orokorraren antolatzaile zelakoan, eta Kataluniako mugimendu anarkosindikalistako buru izan zen heriotza arte. Idatzi politikoak, literatura obrak eta autobiografia bat idatzi zituen.