Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

LOGSE

Espainiako Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren Lege Organikoa. 1990eko urriaren 3an onartu zuten, hezkuntza azken urteetan Espainian gertatutako aldaketei egokitzeko, Europar Batasuneko hezkuntza sistemekin homologatzeko, eta helduen hezkuntza iraunkorra kontuan hartzeko, haien ezagutzen jabetze, eguneratze eta zabaltzea ziurtatzeko moduan, eta baita pertsonalki eta profesionalki garatzeko haien gaitasunen hobekuntza bermatzeko moduan ere. 1970eko Hezkuntzaren Lege Orokorraren (LGE) aldean, aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen: doako eta derrigorrezko hezkuntza sei eta hamasei urte bitarteko ikasleentzat zabaldu zuen; Lehen Hezkuntza (LH), 6-12 urte bitartekoentzat dena, hiru ziklotan banatu zuen, bi ikasturtekoa bakoitza; 12-16 urte bitartekoentzat etapa berri bat sortu zuen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH), bi ikasturteko bi ziklotan banatuta; 17-18 urte bitarteko ikasleentzat Batxilergoa eratu zuen, lau adar eta titulu bakarra eskaintzen duena; Lanbide Heziketa eta arte irakaskuntza erabat eraberritu zituen, eta hezkuntza sistemaren barruan sartu. ■ Egitura. Hezkuntza sistemaren oinarrizko egitura bi multzotan antolatzen da: erregimen orokorreko irakaskuntzak eta erregimen bereziko irakaskuntzak. Orokorraren barruan sartzen dira Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza (eta horren barruan daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Erdi mailako Lanbide Heziketa), Goi mailako Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko hezkuntza. Berezietan, berriz, arte eta hizkuntzen irakaskuntzak daude. Gizartearen eskarien edo hezkuntzaren beharren arabera irakaskuntza berezi gehiago ezartzeko aukera uzten da. Unibertsitateko hezkuntzak bere arau bereziak ditu (LRU), baina gainerako guztiak LOGSE legeak agindutakoaren baitan gobernatzen dira. ■ Erregimen Orokorreko Irakaskuntzak. Haur Hezkuntza (HH): bi ziklotan banatzen da. Lehena ikasleek 3 urte bete artekoa da, eta bigarrena 3 eta 6 urte bitartekoentzat. Borondatezkoa den arren, hala eskatzen dutenentzat behar adina toki eskaini behar dituzte administrazio publikoek. Lehenengo zikloan garatu nahi direnak: haurren mugimendua, gorputza menderatzea, komunikazioaren eta hizkuntzaren lehen agerpenak, bizikidetzarako eta gizarte harremanetarako oinarrizko jarraibideak, eta hurbileko inguruaren ezagutza. Bigarren zikloan haurrak hizkuntza erabiltzen ikasi behar du, bizi den inguruko gizarte ezaugarriez eta ezaugarri fisikoez ohartu, bere buruaren irudi positibo eta orekatua garatu, eta autonomia pertsonala emango dioten oinarrizko ohiturak hartu. Hori guztia lortzeko, ezagutzaren arlo batzuen inguruko edukiak programatu behar dira, esperientzia, jarduera eta jolasetan oinarritutako metodologia erabiliz, eta maitasun eta konfiantzazko giroan. Lehen Hezkuntza (LH): sei ikasturte hartzen ditu, 6-12 urte bitarteko ikasleenak, eta bi ikasturteko hiru ziklotan dago banatuta. Izadiaren, gizartearen eta kulturaren ezagutzaz gainera, beste gaiak ere lantzen dira (kontsumismoa, sexu desberdinekoentzat aukera berdintasuna, bakea, ingurumena, osasuna, sexualitatea…). Ikastetxe guztiek dute erlijioa eskaintzeko beharra, baina aukerazkoa izango da ikasleentzat. Etapa honetako helburua ikasle guztiei hezkuntza komuna eskaintzea da, kulturaren oinarrizko ezagutzak beregana ditzaten, ahozko hizkuntzaren, irakurketaren, idazketaren eta kalkulu aritmetikoen ikasketak egiteko aukera izan dezaten, eta beren inguruarekiko autonomia eskura dezaten. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH): bi ziklotan banatzen da. Lehenengoak 12-14 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta oinarrizko eduki orokorrak lantzen dira; bigarrena 14-16 urte bitarteko ikasleentzat da, eta arlokako edukiak sakontzen dira. Aurreko sistemarekiko aldaketa garrantzitsuak ditu: gela bakoitzeko 30 ikasle har daitezke gehienez; psikologia edo pedagogian aditu baten orientazio sail bat, eta zailtasunak dituzten ikasleentzat laguntza irakasleak eskaintzen ditu; ikasturte bakoitzean ikasgaien aukera handiagoa dago; eta zailtasunak dituztenentzat irakaskuntza egokitzapenak eta curriculuma zabaltzeko programak egiten dira. Etapa amaitutakoan gradudun titulua ematen zaie ikasleei, eta Batxilergorako edo Erdi mailako Lanbide Heziketarako bidea har dezakete. Heziketa Berezia: heziketa behar bereziak (iraunkorrak edo aldi baterakoak) dituzten ikasleentzat dago prestatuta, ikasle guztientzat erregimen orokorreko irakaskuntzan ezarritako helburuak lor ditzaten beharrezko baliabide eta zerbitzuak eskaintzeko. Batxilergoa: derrigorrezkoa den hezkuntzaren ondorengo etapa da, eta ikasleei giza heldutasuna eta adimen heldutasuna eskaintzea du helburua, ondoren Goi mailako Lanbide Heziketara, Unibertsitatera edo beste irakaskuntza espezializatu batzuetara sartzeko gaitasunak gara ditzaten. Helburu hirukoitza du beraz: hezitzailea, orientatzailea eta goi mailako ikasketetarako prestatzekoa. Bi ikasturte dira, eta lau modalitate eskaintzen ditu: arteak, izadi eta osasun zientziak, giza eta gizarte zientziak eta teknologia. Aukeratzen den modalitatea aukeratzen dela ere, eskuratzen den titulua bakarra da: Batxilergokoa. Heziketa Profesional Espezifikoa: lanbide batean jarduteko gaitzen duten irakaskuntza multzoa da. Bi ziklotan dago antolatuta: erdi mailakoa eta goi mailakoa. Iraupen desberdinak izan ditzakete, modulutan daude egituratuta, eta ikasketa teoriko eta praktikoak egiten dira, eremu profesional desberdinen baitan. Lan zentroetan (enpresa edo ekoizpen ingurune erreal batean) heziketa praktikoa jasotzeko moduluak derrigorrekoak dira bi zikloetan, gainerako moduluak egin ondoren lanbide heziketa osatzeko. 22 adar edo familia profesionaletan egituratuta dago. Erdi mailako Lanbide Heziketa Espezifikoa gaindituz gero, dagokion lanbideko teknikari titulua jasotzen da, eta Goi mailako Lanbide Heziketa Espezifikoan edo Batxilergoan ikasten jarraitzeko aukera ematen du. Goi mailako Lanbide Heziketa burutuz gero, goi mailako teknikari titulua jasotzen du ikasleak, eta zenbait unibertsitate ikasketa egiteko aukera ematen dio. ■ Erregimen bereziko irakaskuntzak. Arte irakaskuntzak: heziketa profesionala eskaintzen dute musikan, dantzan, arte dramatikoan, eta arte plastiko eta diseinuan. Musikako irakaskuntza: tresnen teknika desberdinez gainera, musikaren inguruko beste gai batzuk ere lantzen dira: fenomeno historiko-kulturalak, estetikoak edo psikologikoak. Lau mailatan banatzen da: oinarrizkoa (lau ikasturtekoa), erdi mailakoa (bi ikasturteko hiru ziklo dituena) eta goi mailakoa (iraupen desberdinekoa). Dantza irakaskuntza: hiru maila ditu: oinarrizkoa (lau ikasturtekoa), erdi mailakoa (bi ikasturteko hiru ziklotan banatua) eta goi mailakoa (iraupena zehazteke duena). Musika eta dantza ez profesionalak: musika eta dantza eskola berezietan egin daitezke, eta ez dute balio profesional edo akademikoko titulurik ematen. Ia erabat praktikoak dira. Ez dute adinean mugarik jartzen; zaleak sortzea eta ikaslea titulua eskaintzen duten irakaskuntzetara bideratzea dute helburu. Arte dramatikoko irakaskuntza: maila bakarra du, goi mailakoa (lau ikasturtean egiten dena), eta hiru espezialitate eskaintzen ditu: zuzendaritza eszenikoa eta antzerkigintza, eszenografia eta interpretazioa. Irakaskuntza hauek egin ahal izateko, Batxilergoa burutu eta proba batzuk gainditu beharra dago. Batxilergorik gabe ere egin dezakete 20 urtetik gorakoek, proba batzuk gainditzen badituzte. Arte dramatikoko goi mailako tituluak unibertsitateko lizentziadun tituluaren balioa du. Arte plastikoak eta diseinua: bere baitan hartzen dituen ikasketak arte aplikatuak, arte lanbideak, diseinua eta kultura ondasunen zaintze eta zaharberritze ikasketak dira. Heziketa artistikoa eta teknikoa lotzen dituzte, eta lanpostu batean jasotzen den heziketa ere ematen dute. Erdi eta goi mailako ziklotan daude antolaturik. Horien artean trataera berezia dute Kultura Ondasunen Zaintze eta Zaharberritze Ikasketek. Nazio Batuek agindutako arauen baitan eratzen dira espezialistak, munduko ondare historikoaren beharren arabera. Ikasturte komun baten ondoren, espezializazioko bi ikasturte egiten dira (arkeologian, pinturan, eskulturan, dokumentu grafikoetan edo ehungintzan). Hizkuntzen irakaskuntza: LOGSE legearen arabera, Hizkuntza Eskola Ofizialek Europako hizkuntzak sustatuko dituzte batez ere, eta baita estatuko hizkuntza ofizialak ere. Irakasgai bakarra aukeratutako hizkuntza dute, bere alderdi fonetiko, morfosintaktiko, lexiko eta soziolinguistikoan. Bi ziklotan daude egituratuta: oinarrizkoa (hiru ikasturtekoa) eta goi mailakoa (bi ikasturte). Ikasketak eskoletara joanez edo joan gabe ere egin daitezke; eskatzen dutena ikasturte bakoitzaren amaieran azterketa bat gainditzea da. ■ LOGSEren beste alderdi batzuk. Helduen hezkuntza bermatzen du, irakaskuntzaren kalitatea hobe dezaketen zenbait alderdiri lehentasuna ematen dio, eta egoera onean ez dauden pertsona, talde edo lurraldeak konpentsatzeko ekintzak garatzen ditu. Era berean, hezkuntzaren ikuskapen zerbitzuak eta sistemaren beraren ebaluazioa arautzen ditu, eta irakasleen formazio eta espezializazioa bermatzen ditu.