Logroño
Espainiako ipar-erdialdeko hiria eta Errioxako autonomia erkidegoko hiriburua, Ebro ibaiaren ertzean. 118.770 biztanle. Apezpikutegia. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, barazkiak, fruitu arbolak) eta haren inguruan sorturiko industria (janari industria, ardogintza, kontserbak) dira. Dena dela, bestelako industriak ere (metalurgia, zapatagintza, ehungintza, kimika industria, tabakogintza) hazkunde handia izan du azken hamarkadetan. Arteari dagokionez, aipagarri dira Erdi Aroko harresiaren hondakinak, XVI. mendeko atea (Karlos V), San Bartolome eliza (XIII-XV. m.), Santa Maria del Palacio eliza (XV. mendeko klaustroa, XII. mendeko Ama Birjina erromanikoa), Santa Maria de la Redonda katedrala (XV-XVI. m.) eta Espartero jauregi barrokoa (XVIII. m.). v Historia. Augustoren garaiko Iuliobriga hiri erromatarrari dagokio egungo Logroño. Leovigildok, kantabroen aurkako gerraz baliatuz, bere mende hartu zuen. Musulmanen eskuetara erori ondoren, 755. urtean kristauen mendera etorri zen Logroño. 1095. urtean jaso zituen izen bereko foruak Alfontso VI.aren eskutik. Santiagoko Bidearen erdian dagoenez, inguruko erreinuek, hots, Gaztelak eta Nafarroak, berentzat nahi izan zuten. Alfontso VII.ak 1134. urtean hartu zuen. Nafarroako osteek arrakastarik gabe eraso zuten 1336an, baina Aragoiko eta Nafarroako erreinuen arteko hitzarmen baten ondorioz 1369an Nafarroaren mende egon zen Logroño. Gregorio XI.ak Gaztelari itzuli zion, baina Aragoik eta Nafarroak bat egin zuten berriro ere hiria haren esku gera zedin (1460). Handik gutxira Gaztelaren mende geratu zen, betiko, Henrike IV.aren ekimenaz. 1572. urtean Nafarroako Inkisizioaren egoitza izan zen. Independentziako gerra garaian frantsesen eskuetara erori zen eta haien mende egon zen 1813 arte.