Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

loess

iz. Geol. Hauts xehe horixka, haizeak garraiatuta lurralde hezeetan jalkitzen dena gainaldea estaltzeraino. Loessak egitura uniformea du, geruzarik eratu gabe pilatzen da, erraz birrintzen da eta artesiez zartatua izan ohi da. Loess hautsaren osagai nagusia kuartzoa da, eta feldespatoa, kaltzita, mikak eta buztinak ere izan ditzake. Txinan badira 300 m inguru lodi diren loessak, baina gehienak, Europako erdialdean eta iparraldean eta Estatu Batuetan direnak, adibidez, 5-10 m lodi dira. Loessaren jatorria ere askotarikoa da; Txinakoak Asiako erdiko basamortuen inguruan daude; basamortuko lurra higatzean, gai arinena haizeak eraman eta gero, lurralde hezeetako euria dela eta hautsa jaulkitzean eratu dira; Argentinan direnak ere antzera eratu dira. Europakoak eta Ipar Amerikakoak, berriz, glaziarretako jalkinez eratu bide dira. Loessak oso lur emankorrak dira, ura erraz barneratzen baita, eta toki askotan laboreak aldatzeko erabiltzen dira.