Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lituania

(Izen ofiziala, Lituaniako Errepublika; Lituanieraz, Lietuva). Europako ipar-ekialdeko estatua, Baltikoko hiru errepubliketako bat. Mugak: iparraldean Letonia; ekialdean eta hego-ekialdean Bielorrusia; mendebaldean Polonia eta Itsaso Baltikoa, eta hegoaldean Errusia eta Polonia. 65.300 km2 eta 3.350.400 biztanle (2009ko estimazioa, lituaniarrak). Hiriburua, Vilnius. Hiri nagusiak: Kaunas, Klaipeda, Siauliai eta Panevezys. Gizatalde nagusiak: lituaniarrak %84,6; poloniarrak %6,3; errusiarrak %5,1; bielorrusiarrak %1,1. Hizkuntzak: lituaniera (ofiziala), poloniera, errusiera. Erlijioak: katoliko erromatarrak dira gehienak, baina badira luteranoak, errusiar ortodoxoak, protestanteak, musulmanak eta juduak ere. Dirua: lituaniar litasa. ■ Biztanleak eta gizartea. Lituania da, Baltikoko hiru estatuen artean, handiena eta biztanle gehien dituena. Jatorrizko lituaniarrak, letoniarrekin batera, duela milaka urte eskualde hartan kokatutako Baltikoko herrietakoen ondorengoak dira. Lituaniera da hizkuntza ofiziala —hizkuntza baltikoen familiakoa, letoniera bezala—  eta herritarren % 84k erabiltzen dute, baina poloniera eta errusiera ere mintzatzen dira. 1991n, SESB desegin zenean eta ondorengo urteetan, lituaniarren proportzioa hazi egin zen, SESBeko beste lurralde batzuetan eta atzerrian bizi zen lituaniar asko itzuli baitzen eta, horrekin batera, gainerako talde etnikoetako kide asko —eslabiarrak, batez ere— joan egin baitziren Lituaniatik. Lituaniar gehienak katoliko erromatarrak dira; historian zehar, beren nortasunaren ezaugarritzat hartu izan da katolikotasuna. Biztanleen %70 inguru hirietan bizi da. Lituania ez dago, antzinako Sobiet Batasuneko beste errepublika askoren antzera, hirigune bakar baten inguruan egituratua: Vilnius, den hiririk handiena (500.000 biztanle), baina badira bese hiri handi batzuk, hala nola Kaunas (400.000 biztanle) eta Klaipeda (itsas portua, 200.000 biztanle). Biztanleria dentsitatea 52 biztanlekoa da km2-ko. Emankortasun indizea 1,4 haurrekoa da emakumeko. Batez besteko bizi itxaropena 74 urtekoa da. Munduko suizidio ehunekorik handiena du (azkenaldian suizidio kopuruak era dramatikoan egin du gora) eta Europako homizidio ehunekorik handienetakoa. ■ Gobernua eta administrazioa. 1992ko urrian berretsitako konstituzio berriaren arabera, lehendakaria da Lituaniako Errepublikako agintari gorena edo estatuburua. Legegintza aginpidea Seimas deritzan legebiltzarraren esku dago. Ganbera bakarreko erakundea da, eta lau urterako hautatzen diren 141 legebiltzarkidez osatua dago. 71 legebiltzarkide zuzeneko sufragio unibertsalez hautatzen dira, eta gainerakoak proportzio irizpideen arabera. Alderdi politiko bakoitzak, ordezkaritza izango badu, boto guztien %4 jaso behar du, gutxienez. Gutxiengo etnikoetako alderdiak, Poloniarren Batasuna, esate baterako, salbuetsita daude gutxienez lortu beharreko boto kopuru horretatik. Errepublikako lehendakaritzarako (bost urteko agintaldia izaten du) berariazko hauteskundeak egiten dira. Lehendakariak izendatzen du Lehen Ministroa, baina Seimas edo parlamentuak onartu behar du. Hainbat alderdi politiko daude Lituanian, baina honako hauek dira nagusiak: Alderdi Kristau Demokrata (LKDP), Lituaniako Alderdi Demokratiko Laborista (LDDP), Lituaniar Batasun Nazionalista (LTS), Lituaniako Alderdi Sozial Demokrata (LSDP), Lituaniako Nekazarien Alderdia (LUP), Lituaniako Zentroko Batasuna (LCS), Alderdi Kontserbadorea (TS), Lituaniako Poloniarren Batasuna (LLS) eta Alderdi Demokratikoa (DP). ■ Ekonomia. 1940an SESBen barruan geratu zen arte, nekazaritza izan zen Lituaniako ekonomia jarduera nagusia, baina geroztik, industriak indar handia hartu zuen. Hala, bigarren sektoreari dagokio BPGen %40, eta sektore horretan enplegatzen da biztanleria aktiboaren %30 inguru. Industria garrantzizkoenak ondorengo hauek dira: makina-erremintak, motor elektrikoak, etxeko tresna elektrikoak, petrolio findegiak, ontzigintza (itsasontzi txikiak), optikako tresneria, osagarri elektronikoak, konputagailuak, porlana, ehungintza, papera eta anbarra. ■ Nekazaritzan eta basogintzan biztanleria aktiboaren %20 inguru enplegatzen da, baina BPGren %13 baizik ez dagokio. Abere hazkuntza eta esne produkzioa dira nekazaritzako jarduera nagusiak: esnea, haragia eta arrautzak ekoizten dituzte. Aipatzekoak dira, halaber, laboreak, patatak, azukre erremolatxa, lihoa eta barazkiak ere. ■ Energia premia handienak barne-produkzioaren bitartez estaltzen baditu ere, Lituaniak ekonomia arazoak izan zituen Errusiak —erregai fosilengatik— nazioarteko prezioak ordaintzeko eskatu zionean. Ignalinako bi erreaktore nuklearrak dira Baltikoko errepubliketako instalazio nuklear zibil bakarrak, eta herrialdearen energia premien ia erdia estaltzen dute. ■ Antzinako sobietar errepublikekin lotura ekonomikoak eten izanak krisialdi gogorra ekarri zuen Lituaniako ekonomiara: 1992an, BPG % 25 jaitsi zen. Harrezkero, hazkunde nabarmena izan du herrialdeko ekonomiak (2007an, % 7,4koa) eta Europar Batasunean sartu zen 2004an. Edonola ere, 2008ko krisiak kalte larria ekar diezaioke Lituaniari, Baltikoko gainerako herrialdeei bezala, eta estimazioen arabera ekonomiaren hazkundea - % 0,7koa izango da 2009an. ■ Historia. Lituaniar herria ariarra da jatorriz eta arrazaz baltiarra. Bi talde nagusi bereizten ziren XIII. mendea baino lehen: latviarrak, egungo lituaniarrak, iparraldean, eta prusiarrak, mendebalean. Prusiarrek Teutoniar Ordenak sakailatu zituzten XIII. mendean. 1237an zaldun germaniarrek menderatu zituzten latviarrak, estoniarrekin batean, eta talde lituaniar guztiak bildu ziren Mindaugas buruzagiaren inguruan germaniarrei aurre egiteko (1263). Mindaugas-en ondorengo batek, Gediminasek (1316-1341), osatu zuen Lituaniako Dukerri Handia eta, zaldun germaniarrak sartaldera uxatuaz gainera, guztiz zabaldu zuen bere lurraldea sortaldera (ia Moskuraino iritsi ziren, Bielorrusia osoa barne) eta hegoaldera (Itsaso Beltzeraino iritsi ziren, Kiev hiria eta Ukrainiako sartaldea barne). Gediminasek Vilnius erresumako hiriburu egin zuen eta benetako estatu burujabea osatu zuen. 1410ean Ladislas II.a Jagellon Lituaniako printze handiak eta poloniar aliatuek berealdiko sarraskia egin zuten Teutoi zaldunen artean Grunwald-eko guduan eta hartan amaitu zen germaniarren nagusigoa Baltiko aldean (Thorn-eko hitzarmena, 1411). Hurrengo urteetan lituaniarren eta poloniarren arteko batasuna indartu zen, Jagellon dinastia lituaniarra buru zela. Lituaniak eta Poloniak beren erakundeak gorde zituzten baina XV. mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren. 1480an Ivan III.a Moskuko printze handiak Errusia guztietako errege izendatu zuen bere burua; Bielorrusiako alde handiena, ordea, Lituaniako lurraldearen barnean zegoen. 1501ean, bestalde, hasi ziren lituaniarren eta poloniarren arteko tirabirak, erregeak nongoa behar zuen erabaki gabeko auzia baitzen, eta erne zirauten betiere teutoniar zaldunek, garai batean nagusi izan ziren lurraldeetan berriro sartzeko prest. 1569an desagertu zen Lituaniako Dukerri Handia, Poloniako erregearen manupean geratu baitzen Lituania (Lublingo ituna, 1569). Joan Sobieski III.a Polonia eta Lituaniako erregeak (1674-1696) garaipen handiak lortu zituen suediarren aurka, baina Errusiako erregearen aurrean amore eman behar izan zuen (Moskuko hitzarmena, 1686. Moskuko tsarraren mendean geratu zen Lituaniaren barnean zegoen Bielorrusia). 1795ean, Poloniaren hirugarren banaketan, Errusiako inperioaren barnean geratu zen Lituaniako lurraldea, Suwalki izeneko lurraldea izan ezik (Prusiako erresumak hartu zuen Suwalki). 1815ean Errusiako lurraldeen barnean geratu zen Suwalki ere. XIX. mendean, errusiarren aurkako bi matxinada handi egin ziren Lituanian 1830-1831 eta 1863-1864 urteetan eta Lituaniako sentimendu abertzaleak indar handia hartu zuen, Maironis poeta eta Tumas-Vaizgantas eleberrigilea buru zirela. 1864-1905 urteetan errusiartze prozesua areagotu zen: errusiera zen hizkuntza bakarra hezkuntzan, lituanieraz errusiar alfabetoz baizik ezin zen idatzi eta elizkizun katolikoak debekatu ziren. 1905ean Lituaniako lehen biltzarra osatu zen Vilniusen eta autonomia zabal bat eskatu zuten bertaratuek. Lehen Mundu gerraren garaian, Lituaniaren alde handiena alemaniarrek hartu zuten eta 1915ean sartu ziren Vilniusen. 1917an Lituaniako bigarren biltzarra bildu zen eta Lituaniaren burujabetasuna eskatu zuen. 1918an Augustinas Voldemarasek Lituania burujabeko gobernua osatu zuen, alemaniarrak oraindik Lituanian zeudela. 1919an Gudaroste Gorria sartu zen Vilniusen eta gobernu komunista ezarri zuen. Voldemarasek Kaunas hirira jo zuen orduan. 1919ko apirilean Poloniako gudarostea sartu zen Lituanian, Pilsudski mariskalak Poloniaren barnean nahi baitzuen Lituania berria, eta 1920an zehaztu zen Poloniaren eta Lituaniaren arteko muga. Aldi berean Moskuko gobernuaren eta Kaunasko gobernuaren arteko harremanak hasi ziren eta 1920ko azaroan izenpetu zuten Lituaniaren burujabetasuna. 1921. urtean onartu zen Lituania Nazioen Ligan, 1926an Lituaniak eta Sobiet Batasunak elkarri ez erasotzeko hitzarmena sinatu zuten eta 1934an elkarkidetzarako ituna hitzartu zuten Baltikoko herriek Alemania naziarekin, Baltikoko naziek bultzatuta. 1935ean Klaipeda talde naziko buruzagiak atxilo hartu zituzten Lituanian, baina 1938an naziak nagusitu ziren hauteskundeetan. 1939an sartu ziren alemaniarrak Lituanian, eta errusiarrak 1940an, nazien eta sobietarren arteko hitzarmenaren ondoren. Alemaniarrek 1941ean okupatu zuten Lituania eta 1944an gudaroste gorria nagusitu zen. Lituaniar askok egin zuten ihes mendebaldeko herrietarantz. Sobietartzearen aurkako erresistentzia gogor zanpatu zuten agintariek, 1948-1949 urteetan bereziki, eta 400.000 pertsona inguru deportatu zituzten. 1949an Lituaniako sobiet errepublika sozialista ezarri zuten. 1985ean, Gorbatxovek abian jarritako perestroikarekin batera, lituaniarren aspaldiko independentismoa nabarmen berpiztu zen. Moskuren zapalkuntza arintzearekin, sentimendu demokratikoak eta nazionalistak abaila bizian zabaldu ziren Lituaniako gizartean. 1988an, perestroikaren aldeko Sajudis higikundea sortu zen, Vytautas Landsbergis musikologoaren ekimenez, SESBen aurkako borroka luze bati ekin baitzion hark. 1990eko otsailaren 24ko lehen hauteskunde libreetan, Landsbergis hautatu zuten legebiltzarreko lehendakari. Artean sobietarrak han zirela aldarrikatu zuen Lituaniak independentzia, 1990eko martxoaren 11n. Urtebete geroago, 1991ko abuztuko Moskuko estatu-kolpearen ondoren, SESB desegin zenean, askatu ahal izan zen, azkenik, Lituania Errusiaren uztarpetik, urte hartako irailean aitortu baitzitzaion Moskutik, ofizialki, independentzia. Burujabetasun osoaren lehenengo urtean, nahiko lan izan zuen lituaniar gizarteak antolakuntza faltari eta gauzen eskasiari aurre egiten, betiere, V. Landsbergisen gidaritzapean. Baina, gobernu komunistaren ondorengo lehen urte nahasi eta zalantzazko haietan, aginteak berehalaxe “erretzen” zuenez agintean zegoen alderdia, 1992ko urriko legebiltzarrerako hauteskundeak Alderdi Laboristak (komunista ohiak) irabazi zituen. Alderdi horretako aitzindaria, Algirdas Brazauskas, Lituaniako alderdi komunistako idazkari nagusi ohia, aukeratu zuten Errepublikako lehendakari, 1993ko otsailaren 15ean. Laboristak pragmatikoak izan ziren eta ez zuten hausturarik sortu aurreko gobernuak eraman zuen politikarekiko. Lituania izan zen, Baltikoko hiru estatuen artean, errusiar gudarostetik lehenik libratu zena; 1993ko abuztuaren 31n atera ziren Lituaniako lurraldetik azkeneko errusiar soldaduak. Geroztik, ahalegin handiak egin ditu Lituaniako lehendakariak Poloniarekin harreman adiskidetsuak izateko, eta Bielorrusia eta Errusiarekin muga-harreman normalak ezartzeko. Nolanahi ere, inguruko herriekin ongi konpontzen saiatze horrek ez du eragotzi Mendebaldeko herrialdeekiko hurbiltzea (Europako Kontseiluarekin bat egin zuen, 93ko maiatzaren 14an), eta Baltikoko estatuen arteko elkarlana sendotzea. Kanpo politikan izandako arrakastaren distira, halere, dezente itzali zen, barneko ekonomian eta politikan sobera ugaldu zen ustelkeriaren eraginez. Nahiz eta, ekonomiaren arloan, heldutasuna falta zitzaien, atzerriko inbertsioak ez ziren eten eta sistema fiskalaren errentagarritasunak hobera egin zuen. Politikari dagokionez, chauvinismoak eta populismoak gora egin zuten, eta alderdi kontserbadore klasikoen gorakada ekarri zuen horrek hausteskundeetan. Bizi mailaren bilakaera positiboak, ekonomiaren dinamismoa erakusten duten hainbat faktorek (urteko %5eko hazkundea, eta %6ko langabezia tasa), eta Europar Batasunean sartzeko perspektibak iritzi publikoa etorkizunaren aurrean baikor agertzea eragin dute. 1996ko urriaren 20ko legebiltzarrerako hauteskundeak kontserbadoreek irabazi zituzten (Alderdi Kontserbadorea, Alderdi Kristau Demokrata, Zentroko Batasuna) eta agintea hartu zuten. Lehen Ministroaren (Gediminas Vagnorius) politika zuhur eta arrazoizkoak eta ekonomiaren bilakaerak Europar Batasunetik eskatzen zaizkien epeetara hurbiltzera eraman dute Lituania. Brazauskas lehendakariaren bost urteko agintaldia amaitu ondoren, 1998ko urtarrileko lehendakaritzarako hauteskundeak Valdas Adamkus (lituaniar jatorriko amerikarra) hautagai kontserbadoreak irabazi zituen, oso alde txikiagatik izan bazen ere. Ordenaren eta askatasun publikoen arloan, gobernu kontserbadoreak emaitza positiboak izan ditu. Mafiaren eta iruzurraren aurkako borrokan aurrerapen nabariak egin dira. Emaitzak ez dira oraindik ikusgarriak baina borondate politikoa badago, mafiako hainbat kide garrantzitsuren atxiloketek erakusten duten bezala. 1999ko maiatzean, Lehen Ministroak, G. Vagnoriusek, dimititu egin zuen eta Adamkusek Rolandas Paksas kontserbadorea izendatu zuen haren posturako. 2000an hauteskundeak egin ziren eta bertan behera gelditu zen ordura arte eskuindarren eta ezkertiarren artean izandako txandaketa, zentroko koalizio bat osatu baitzen, Adamkusek sustatua. 2001ean Brazauskas lehendakari ohia izendatu zuten Lehen Ministro, baina hark ere dimisioa eman zuen 2006an, eta 2008an Andrius Kubiliusek hartu zuen haren kargua.
http://www.lrvk.lt/