Limoges
Frantziako erdialdeko prefetura-hiria, Haute-Vienne departamenduko (24 kantonamendu, 108 udalerri) eta Limousin-go lurraldeko hiriburua, Vienne ibaiaren ertzean. 146.407 biztanle. Industriagune garrantzitsua (ehungintza, janari industria, eraikuntza metalikoak, zapatagintza, zurgintza). Saint-Yriex-la-Perche hegoaldeko hirian ekoizten den kaolinaz baliatuz XVIII. mendeaz geroztik lantzen den portzelana oso aintzat hartua da. Aipagarri dira Saint-Etienne katedrala (XIII-XIV. m.), Saint-Pierre-du-Quéroix eliza (XIII-XIV. m.), Saint-Michel-des-Lions eliza (XIV-XV-XVI. m.), udal museo bihurtu den apezpikutegia eta XIII. mendeko Saint-Martial eta Saint-Etienne zubiak. v Historia. Martzial santuari esker errotu zen kristautasuna, II. mendeaz geroztik, Limoges-en. Merovingiarren eta karolingiarren garaian hegoaldeko Akitaniako hiririk garrantzitsuenetakoa izan zen, eta garai hartarako ospe handia zuten Europa guztian bertan egiten ziren esmaltezko lanek. XII. mendetik bizkonterria izan zen Henrike IV.ak Frantziako koroaren menderako eskuratu zuen arte.